Lino Akesolo Olivares 1911ko apirilaren 7an jaio zen Diman. Aita, Antonio Akesolo Bikarregi dimoztarra zen eta ama, Praxedes Olivares Intxaurbe, zeanuritarra.
Oinarrizko ikasketak Diman egin ondoren, eliz ikasketak karmeldarrekin egin zituen 1921-1935 artean hainbat herritan: Zornotzako Larrea, Markina, Gasteiz eta Bilboko Begoña.
Karmeldarren eskola giroa oso euskaltzalea zen eta Akesolo 1927an hasi zen idazten Euskal Esnalea aldizkarian. 1930 urtean Euskal Esnalea elkartearen saria irabazten du Miguel de Cervantesen El celoso extremeño euskarara itzultzeagatik.
Espainiako Bigarren Errepublikan, hainbat itzulpen eta artikulu argitaratuko ditu Karmen’go Argia (1931-1935) hilabetekari berrian. Zornotzako ikastetxean irakasle da eta karmeldarren aldizkariaren azken zenbakien zuzendaria izan zen 1936an.
Gerra Zibilean, Eusko Jaurlaritzaren armadan, kapilau militar aritu zen Itxasalde batailoian urtebetez Bizkaian. Militar kolpezaleek Bilbo 1937ko udan okupatu ostean, Begoñako Karmelo komentuan egon zen atxilotuta. 1938-1940 artean Iruña Okako Palentziako eta Sevillako hainbat espetxetan egon zen preso baldintza gogorretan.
Espetxetik irtenda, 1948 arte ordenako probintzialak deserritu egin zuen Santanderko eta Nafarroako hainbat herritara. 1948an zigorra nolabait amaituta, teologia irakasle izendatzen dute Gasteizko ikastetxean eta hurrengo urtean Bilbora doa.
1969 arte, ia hogei urtez, Begoñako Karmelo komentuan kristau teologiaren historia irakatsi zuen. 1954tik aurrera, aspaldiko zaletasunari jarraituta, komentuko liburutegirako euskal liburu zahar eta berriak erosteari ekin zion, Donostiako “Manterola” liburudendaren eta Lazkaoko nahiz Belokeko monasterioen bidez.
1952-1962 bitartean alemanetik, frantsesetik eta latinetik, kristau teologiako hainbat liburu itzultzen ditu gaztelaniara.
1963ko apirilean euskaltzain oso eta akademiaren bibliotekari izendatu zuten. 1963ko azaroan Juan Gorostiaga, Eusebio Erkiaga eta Lino Akesolo euskaltzainek akademiarekin harremanak bertan behera uzten dituztela esanez idatzi zioten Euskaltzaindiari, izendapen berriekin ados ez zeudelako. Akesolok ez du nahi aurrerantzean osoko izan, eta 1965etik soilik urgazle izango da eta 1966an bibliotekari izateari uzten dio.
Euskaltzaindiaren Arantzazuko santutegiko biltzarrerako, Koldo Mitxelena buru zuen batzordearen kide izendatzen dute 1968an. Hala ere, akademiatik aldendu egin zen euskara batuak sortutako istiluen giroan.
Vatikano Bigarrena Kontzilioaren garaian, Bilboko Elizbarrutiko Liturgi Batzordeko kide izendatzen dute, 1964an, eta gero Euskalerriko Liturgi Batzordeko itzultzaile taldeko bizkaitar ordezkarien buru, 1968an.
Garai horretan argitaratzen hasiko da urtetan landutako erlijio itzulpenak: Teresa Jesusenaren On-bidea (1963) Santiago Onaindiarekin; Iratzeder eta Gabriel Lertxundiren Salmoak (1964); Manuel Fuentesen Jaungoikoak beretzat gura nau (1983) edota Angel Fernandez de Mendiolaren Aita Aureliano karmeldarra (1983).
1969-1972 artean Donostiako karmeldarren nagusi izan zen eta, 1970ean, berriz abiatutako Kardaberaz Bazkunako kide izan zen. 1972an Markinako karmeldarren nagusi hautatzen dute.
1975ean, Jose Maria Martin de Retanak eskatuta, ordenako probintzialak Begoñako Karmelora bidaltzen du, Diccionario Retana de autoridades de la lengua vasca (1976-1991) hiztegia bukatu dezan, agian Akesoloren lanik garrantzitsuena.
Euskaltzaindiak hartutako bidearekin bat ez etorrita, Euskerazaintza 1978an sortu zenean, Akesolo buru izendatu zuten. Hala ere, Euskaltzaindiaren Gramatika batzordean lan egin zuen, bizkaieran aditu gisa.
Itzulpenak eta edizioak argitaratzen jarraitzen du: Bernart Etxepare, Joanes Etxeberri, Jean Duvoisin, Jose Paulo Ulibarri, Pedro Anasagasti, Jose Luis Beobide, Bernard Gazteluzar edota Gregorio Arrue. Euskal Editoreen Elkartearen “Klasikoak” bildumarako ere hitzaurre asko idatzi zituen.
Ikerketa lana artikuluetan eman zuen batez ere, eta idazlan guzti horiek bilduta, Julen Urkiza karmeldarrak Lino Akesoloren Idazlan guztiak argitaratu zituen 1989-1992 artean.
Azken urteetan erakunde askoren omenaldiak jaso zituen: Bilboko Elizbarrutia; Labayru Ikastegia; Bizkaiko Foru Aldundia; Eusko Jaurlaritza; Dimako Udala; Euskerazaintza, Euskerazaleak eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea..
Lino Akesolo Bilbon hil zen 1991ko irailaren 17an Begoñako Karmelo komentuan.
Euskaltzaindiak eta Dimako Udalak jaiotzaren mendeurrena ospatu zuten 2011n.
Antton Ugarte