Anjel Larroque Bilbon jaio zen, 1874ko irailaren 6an, eta Bilbon hil zen, 1961eko urtarrilaren 22an. Aita, Leon Larroque, eta aitaita, Bernard, margolariak izanik artegintzaren arloan heziketa bikaina izan zuen.
Txikitatik aitaren lantegian eta Manuel Maeztu emaztearen Juana Whitneyren eskola eskola ingeles-frantsesean hasia, eskola partikularretan ere, bederatzi urte zituela, hots, Batxilergoko ikasketak egin gabe, Arte eta Lanbideen Eskolan hartu zuten, marrazketarako dohain apartak erakutsi baitzituen. Hartan, besteak beste, Anselmo Guinea izan zuen irakasle eta maisu.
Garai hartako Bizkaiko Diputazio Probintzialaren diru-laguntza bati esker, 1893an Parisera joan zen, ikasten jarraitzera, Aurelio Artetarekin batera hain zuzen. “Académie Julian” delakoan pintura sinbolistaren aitzindarietakoa zen Eugène Carrièreren eskolak hartu zituen. Han zela, Nemesio Mogrobejo lagun handiarekin batera, Stuttgartera bidaiatu zuen. Gero, 1899an, Madrilen jarri zen bizitzen. Han, Pradoko Museora hango maisu-lanetatik ikastearren maiz joateaz gain, antzerkirako dekorazioak egin zituen.
Berriz ere, Bizkaiko Diputazio Probintzialak beka eman zion, 1902an. Horri esker Italiara bidaiatu eta Florentzia eta Erroma bisitatu zituen. Ondoren, Munichera joan zen.
Itzuli zenean Ledesman (Salamanca) jarri zen bizitzen, Ignacio Zuloagaren aholkuari jaramon eginda, eta bertan ezkondu zen. 1908an, lehenengo umea jaio ostean, Bilbora itzuli zen bizitzera. Bitartean Europara askotan bidaiatu zuen, Diputazioaren pentsioari esker hain zuzen. Bada, sorterrira itzuli ostean euskal gaiak eta erretratuak lantzeari ekin zion, ordura arte jorraturiko espainiar tradizioaren ildotik aldendurik .
Euskal Artisten Elkartea sortu zelarik, 1911n hain zuzen, Ángel Larroque lehenengo zuzendaritza batzordeko kide egin zuten. Elkarte sortu berriak lehenengo erakusketa 1912an egin zuen eta Larroque parte-hartzaileetakoa izan zen. Harrez gero ugariak izan ziren egin zituen erakusketak. Espainiako Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletako batzuetan ere hartu zuen parte; 1917koan Hirugarren Mailako Domina jaso zuen, Sagarrak batzen lanari esker.
Naturaletik egindako kopien arloko irakasle izendatu zuten, 1924an, Bilboko Arte eta Lanbideen Eskolan. 1927an Artelan Berreginen Bilboko Museoaren sorreran eta zuzendaritza batzordean izan zen. 1930ko hamarkadan, egoera berrian gizartean eta artegintzan parte hartzera itzuli zen, tartean nahikoa utzirik izan baitzuen bere sormen jarduna.
Espainiako Gerra Zibilean, Milizianoaren Umezurtzaren Etxea (Santutxuko Karmeldar Oinutsen komentuan) dekoratzeaz arduratu zen artista-taldeko kidea izan zen. Egoera belikoak aldatu egin zuen bere gai-sorta, sorginez, bandoleroz eta holakoez betetako eszenak marrazteari ekin zion.
Gerraostean, 1940 eta 19550eko hamarkadetan alegia, erakusketa asko egin zituen, sariak etorri zitzaizkion eta aintzatespenik ere ez zuen falta izan. Halaxe, 1951an Bizkaiko Diputazioak Alfontso X.a Jakitunaren Gurutze Handia eman zion. Arte eta Lanbide Eskolako lanetik jubilaturik, umeen erretratu ospetsuak egiten hasi zen. Esan bezala, 1961eko urtarrilaren 2an hil zen.
Bilboko Arte Eder Museoan haren lan hobenetako batzuk daude ikusgai, hala nola Maternidad (Amatasuna) Flora, la enana (Flora, ) La chica del gato (Neska katuarekin).
Edorta Jimenez