Kirol kazetaria izan zen Jose Ramon Basterra Aranburu, euskal pilotan aditua. Ogibidez legegizona izan arren, kirol egunkarietan pilotaz idatzi zuen, erdaraz. Politikan ere jardun zuen eta EAE-ANVko sortzaileetakoa izan zen.
Bilbon jaio zen Jose Ramon Basterra 1895eko maiatzaren 2an. Urte hartan Bilbotik Begoñara aldatu zen familia. Izan ere, aita, Canuto Basterra, ogibidez legegizona, urte haietan Begoñako udal idazkaria izan zen. Hurrengo urteetan zinegotzi eta alkate (1912-13) aritu zen Begoñan.
Umetatik eduki zuen Jose Ramonek kiroletarako grina eta, bereziki, pilotarekiko. Begoñako errebotilloan (Udaletxeko arkupeetan) hasi eta Bilbo aldeko pilotaleku guztietan ibili zen. Bestelakoetan ere aritu zen eta 1917an Bizkaiko Atletismo Federazioa sortu zenean, lehenengo zuzendaritza taldean zegoen.
Artean Zuzenbide ikasketak amaituta zeuzkan Deustuan eta Diputazioan ari zen lanean legegizon gisa. Hurrengo urteetan Aldundiko lege zerbitzuetako burua izatera iritsi zen. Baina kirola zuen pasioa eta, bide horretatik, kirol kazetaritzara lotu zen. 1924an Excelsior kirol egunkaria agertu zen eta bertan kolaboratu zuen pilotaz idazten. Han zeuden garai hartako kirol kazetari handiak (Jacinto Mikelarena, Juan Irigoien, Tellagorri…). 1928ko udan Irigoien eta Mikelarena egunkaritik joanak ziren, besteak beste, desadostasun politikoak tarteko. Orduan eman zioten Basterrari zuzendaritzaren ardura. Hilabete bi geroago, urrian, abian jarri zuen Excelsiorrek profesionalen arteko lehenengo esku pilota txapelketa.
Excelsior EAJ inguruko enpresari talde batek sortu zuen, baina barne tirabiren ondorioz, 1931n desagertu zen. Urte hartako urrian berriro argitaratu zen, Excelsius izenburupean eta 1936ra arte iraun zuen. Kazeta berri hartako lehenengo zuzendaria Jose Ramon Basterra izan zen. Artean Basterra EAE-ANV alderdiko sortzailea (San Andresko agiriaren sinatzailea) eta lehenengo Batzar Nazionaleko idazkaria zen. Militantzia horretan bidaide izan zuen anaia Juan Carlos (gerra ostean alderdiko presidentea ere izan zena). Hala ere, Jose Ramonek EAE utzi zuen 1936ko hasieran, alderdiko beste sortzaile moderatuekin batera.
Hilabete batzuk geroago, gerra piztu zenean, Excelsius desagertu zen. Basterra Eusko Jaurlaritzaren aginduetara egin zuen lan, legegizon gisa. Bizkaia jausi ondoren, irabazleek zigorrak ezarri zizkioten.
Gerra amaitu eta urte batzuk geroago, Basterrak berriro ekin zion pilotaz idazteari, orduko hartan El Correo Españoleko orrialdeetatik, Aitona ezizenaz. Azken urteetan kronikak ez ezik pilota jokoaren historiaren gainean eskutada bat artikulu luze argitaratu zituen Bizkaiko Aldundiaren aldizkarian: Con qué juegan los vascos a la pelota : la pelota y las herramientas (1959), Para la historia de la pelota (1962) edo La pelota en Guernica : evocaciones, recuerdos y anécdotas (1966).
1976ko urriaren 17an hil zen Bilbon.
Hektor Ortega