Begoñés ezizena erabili zuen Begoñako pala jokalari multzo batek, denok elkarren senide. Lehenengo lauak anaiak izan ziren (Juan, Migel, Rafael eta Higinio) eta ondoren Higinioren semeek eman zioten segida leinuari. Familiak Zabalbideko frontoi ospetsuarekin lotura estuak eduki zituen, nahiz eta karrera profesionalak Bilbon, Madrilen, Habanan edo Mexikon egin zituzten.
Familiaren pilotazaletasuna Juan de Matarekin hasi zen. Bera zen Zabalbideko frontoietako baten ugazaba. Bigarren Karlistadaren ostean gerran jasandako kalte handiak konpondu eta berriro jarri zuen erabilgarri (1879). Pilotalekuaren ardura suhi Anton Gisasolaren eskuetan laga zuen. Horrek estalkia jarri zion (1896-98). Artean frontoia ez ezik, bolatokia eta txakolindegi ospetsua zen. Orduko pilotaleku berrien aldean laburra zen Zabalbidekoa, beren-beregi esku pilotan jokatzeko egokia. Bertan trebatu ziren Antonen lau seme, bera eta aititea maisu zituztela.
Anaietan zaharrena, Juan Gisasola, Begoñés I.a (1890-1958), hamabost urterekin hasi zen profesional modura Bilboko Euskalduna frontoian. Berehala bihurtu zen bertako izar nagusietako bat, pilotari bikaina baitzen hala eskuz nola palaz, xisteraz (zestaz) edo erremontean. Hala ere, bere espezialitatea pala zen. Adituek diotenez, hari zor zaizkio pala joko modernoaren hainbat gako: pilotaren kolokazioa, tresnaren forma eta pisuaren garrantzia, sotamanoa erasorako baliatzea, erreboteko pilotak itzultzea… Arrakastaren eskutik, Bizkaiko hiriburuan ez ezik, Madrilen –garai hartan plaza garrantzitsua zen pilota munduan: Jai Alai, Recoletos…-, Habanan eta, batez ere, Mexikon aritu zen hainbat urtez (18), 35 urterekin (1930ean) erretiroa hartu zuen arte. Diru asko egin zuen frontoietan, baina ‘dagoenean bonbon’ filosofiaren jarraitzaile sutsua zenez, gehiena arin-arin xahutu zuen.
Gainerako anaietan karrerarik onena Rafaelek (Begoñés III) egin zuen. Horrek ere hamabost urterekin debutatu zuen eta egundoko etekina atera zion anaia guztien ezaugarri zen eskumuturraren mugimenduari. Bilbon jokatu ondoren, Madrilen eta Mexikon aritu zen, azken horretan anaia Juanekin batera. Egia esanda, oro har lau anaiak sarritan jokatu zuten binaka elkarrekin, arrakasta handiaz.
Migelek (Begoñés II) ere Bilbon, Madrilen eta Habanan jokatu zuen. Azkenik, Higiniok (Begoñés IV) karrera apalagoa egin zuen, baina haren semeak izan ziren dinastiari jarraipena eman ziotenak: Jesús (Begoñés V), Iñaki (Begoñés VI) eta Jon (Begoñés VII). Denak palan aritu ziren palari profesional gisa Euskaldunan, Deportivon, Madrilen…
Zabalbideko frontoirako joera handia eduki zuten hala matzorriek (mahatsorriek, begoñarrek) nola txinboek (bilbotarrek). Azken horiek Zazpi Kaleetatik igotzen ziren pilotan edo bolotan olgatzera eta Anton Gisasolaren txakolina eta sagardoa edatera. XX. mendearen lehenengo herenean hamaika mitin egin zituzten bertan, batez ere ezkerreko indarrek (sozialistek eta komunistek). Frontoia Gerra Zibilaren ostean eraitsi zuten.
Hektor Ortega