Athleticek eman duen mitoetan lehenengoetakoa da Jose Maria Belaustegigoitia. Atleta bikaina, ia hogei urte eman zituen talde zuri-gorrian. Buruzagi ezpalekoa, ondo iltzaturik gelditu zen zaletuen gomutan bere gorputz sendoaz, zapia buruan eta indar betean.
Jose Maria Belaustegigoitia 1889ko maiatzaren 15ean jaio zen Bilbon. Gurasoak Laudio aldekoak ziren. Anaietan, bat euskal filologoa izan zen, Federico Belaustegigoitia, eta beste bi ere Athleticen aritu ziren, Ramon eta Patxo hain zuzen. Jose Mari 1905ean hasi zen klub zuri-gorrian, hamasei urteko txotxoa zela. Hurrengo urteetan Zuzenbide ikasketak atera zituen. Beste zerbait ere ikasi zuen garai hartan, euskara alegia. Euskaltzale sutsua izan zen.
Mutikote galanta zen Jose Maria Belaustegigoitia: 1,95 metro altu eta 95 kiloko morroskoa. Zelai erdian jokatzen zuen eta indarra zen bere dohainik ikusgarriena. Laster jarri zuten lehenengo taldean. 1910eko Kopako finalaurrekoa eta finala jokatu zituen. Bere lehen titulua izan zen. Hurrengo urtean ere Kopa irabazi zuen, orduko hartan Jolasetan (Getxon).
1913an Athleticek San Mameseko zelaia ireki zuen. Lehenengo partida Irungo Racingen kontra jokatu zuen talde zuri-gorriak eta bertan zen Belauste. Artean, bera zen hamaikakoan beteranoena. Gainerakoak, bera baino geroago iritsiak ziren lehenengo taldera. Besteak beste, Pitxitxi, Ibarretxe, Zuazo edo Solaun. Hurrengo hiru urteetako Kopak irabazi zituen talde hark eta guztietan egon zen Belaustegigoitia hamaikakoan. Haren indarraz gain, taldeak asko eskertzen zion ematen zuen adorea, benetako liderra zen eta.
Hamarkada amaierako urteak gaitzak izan ziren Athleticentzat, Kopako finaletatik kanpo gelditu baitzen, batez ere Arenasek eduki zuen aro onaren ondorioz. 1920ean Athletic –eta Belauste- finalera itzuli zen baina galdu egin zuen. Garaipena non eta San Mamesen lortu zuen, hurrengo urteko Kopako finalean. Hura ere jokatu zuen Belaustek, baina artean gainbeheran hasia zen. Urteetan gora, atleta itzela izanik ere igarri egiten zuen denboraren igaroa.
EAJrekin konprometituta, Espainiako Gobernuak haren jarduera politikoa jazarri zuen. Ondorioz, sasoi hartan ihes egin behar izan zuen. 1922an Baionan egon zen, aterpeturik. Uztailean, Ameriketan batu zen Argentina, Uruguai eta Brasilen barrena bira egin zuen euskal selekzioarekin.
Athleticekin 1925eko apirilean jokatu zuen azken partida. Artean 36 urte zituen. Ondoren aseguruetan egin zuen lan eta politikan jarraitu zuen. ANVko sortzaileetakoa izan zen 1930ean (San Andreseko agiriaren sinatzailea). Gerran Biarritzera egin zuen ihes (1937) familiarekin eta, ondoren, Ameriketara, lehenengo Kubara eta, hilabete geroago, Mexikora. Han hil zen 1964ko irailaren 4an.
Athleticen, orotara, 93 partida ofizial jokatu zituen eta 19 gol egin. Sei kopa irabazi zituen (1910, 1911, 1914, 1915, 1916 eta 1921). Une garrantzitsu askotan egon zen, adibidez, elastiko zuri-gorria lehenengoz jantzi zuten partidan (Irun, 1910eko urtarrilaren 9an) edo San Mameseko lehenengo norgehiagokan (1913ko abuztuaren 21ean). Nazioarteko partidak ere jokatu zituen. Euskal selekzioarekin 1915ean hasi zen (selekzioaren lehenengo partida, Kataluniaren aurka) eta 1922ko Ameriketako biran jokatu zituen partidekin laga zuen. Espainiarekin, Anberesko Joko Olinpikoak (1920) jokatu zituen. Txapelketa hartan Espainia bigarren gelditu zen (zilarrezko domina) eta Belauste nabarmendu egin zen, batez ere Suediaren aurkako partidako gol bakarra berak egin zuelako. 1924ko Joko Olinpikoetara ere joan zen, baina ez zuen partidarik jokatu.
Beste kirol batzuetan aritu zen, polito gainera. Besteak beste, palankari jardun zuen.
Hektor Ortega