On Diego Lopez Haroko kale nagusiaren 5. zenbakian zegoen kafetegia.
Kafetegia 1903an zabaldu zuen Jeronimo Merino Alonso izeneko jabeak, Banco de Vizcaya-ren ondoan. Barne dekorazioaz Ludovic Gingnoux eta Gustavo Maeztu pintoreak arduratu ziren. Jeronimo Merino Bilboko taberna eta kafetegi jabeen elkargoko burua izan zen 1920rako. Kafetegiaz gain, gozotegia eta txokolategia ere izan zituen.
Enrique Areilza doktoreak aurretik Café Suizon-n eta Café García-n sortutako tertulia elitistaren gune ezagunena izan zen 1910etik aurrera, El Pueblo Vasco egunkari maurista abiatu zen garaian. Eragin politiko eta kultural handiko tertuliakide ugari biltzen zituen, bereziki abertzaletasunaren aurkako Liga de Acción Monárquica (1919-1931) eskuindar alderdiaren ildokoak, urteekin faxismorantz lerratuko zirenak.
Hona hemen zenbait lagunen izenak: Pedro Egillor, Ramon Olaskoaga, Jose Felix Lekerika, Juan de la Cruz, Rafael Sanchez Mazas, Ramon Basterra, Joaquin Zuazagoitia, Jose Maria Salaberria, Luis Diez, Desperdicios, Fernando de la Quadra Salcedo, Ramiro Maeztu, Ricardo Mestre, Luis Elizalde, Francisco Grandmontagne, Luis Antonio de Vega, Manuel Aranaz Castellanos, Juan de la Encina, Esteban Calle Iturrino, Wilhelm Wakonigg, Gregorio Balparda, Miguel Unamuno, Pedro Mourlane Mitxelena, Esteban Bilbao, Adolfo Guiard, Juan Antonio Zunzunegi, Jacinto Mikelarena, Joaquin Adan Satue, Ramiro Pinedo, eta abar.
Beste tertuliakide batzuk hauek izan ziren: Juan Pujol, Manuel Bueno, Francisco Santander, Manuel Aznar, Federico Garcia Sanchiz, Francisco Iturribarria, Saturnino Lafarga, Julian Tellaetxe, Jose Ortega y Gasset, Adolfo Gonzalez Kareaga, Jose Maria Areilza, Javier Ibarra, Ramon Sierra Bustamante, Eugenio Montes, Luis de Hoyos, Pio Baroja, Ignacio Zuloaga, Ramon Perez de Ayala, eta abar.
Bereziki Enrique Areilza 1926an hil ondoren, Pedro Egillorren euskal abertzaletasunaren aurkako jarrerak erangin intelektual handia izan zuen taldean. Espainiako Gerra Zibilean hil egin zuten, Bilboko presondegira egindako eraso batean. Agintari frankistek haren omenez hurrengo plaka ezarri zuten kafetegian 1937ko uztailean: “Desde este rincón Pedro Eguillor hablaba todo los días de España” (Bacigalupe, 2001). Ildo liberalago batean, kafetegiko berbaldiekin harremana izan zuten zenbait kultur aldizkarik, hala nola, Jesus Sarria abertzale heterodoxoak zuzentzen zuen Hermes (1917-1922) edota Euskal Artisten Elkarteak argitaratzen zuen Arte vasco (1920).
Ramon Basterra poetak “Pirinioetako Erromatar Eskola” izena jarri zion kafetegian biltzen zen taldeari. Eugeni d'Ors katalan idazleak ere eragina izan omen zuen tertuliaren inperialismo handinahian. Francoren diktaduraren errotulazio arauak jarraituz gazteleraz , León de Oro izen berria hartu behar izan zuen kafetegiak. Jeronimo Merino 1949an hil zenean, Ricardo Merino semeak jarraitu zuen negozioarekin. Banco de Vizcaya-ren egoitza berria egiteko, 1957an eraikina eraitsi eta kafetegia itxi zuten. Ricardo Merinok beste ostatu batzuk izango zituen, hala nola, Café Manila edota Arizona jatetxe-dantzalekua.
Antton Ugarte