Plaza Barriko 1. zenbakian zegoen kafetegia. Espainiako hainbat hiritan zabaldu ziren izen bereko aretoak.
1805 inguruan sortu zen Bilboko lehendabiziko kafetegietako bat, Posta kaleko 3. zenbakian, Josef Rovina izeneko frantses herritar baten eskutik. Ez zuen arrakastarik izan eta 1813an Belti (edo Betti) izeneko suitzar ebanista bati eskualdatu zion.
Ondoren kafetegia beste bi suitzarrek hartu zuten: Grisoniako kantonamendutik Bilbora zuela gutxi iritsitako Francisco Matossi-k eta Bernardo Pedro Franconi-k. Atean pintatutako iragarkiaren arabera, hau zen kafetegiaren izen osoa eta eskaintza: “Café Suizo de Matossi y Compañía. Fábrica de licores de todas clases y venden vinos generosos españoles y extranjeros” (Bacigalupe, 1995). 1830ean, Plaza Barriaren (jatorrizko izena: Fernando VII.aren Plaza) eraikuntza lanak amaitu zirenean, kafetegirako sarrera berria egin zuten. Posta kaleko sarrera gozotegiari zegokion eta hiriburuko gurin-opil ezagunek bertan dukete jatorria. Plaza Barria hirigune nagusia zen, bertan ezarri baitziren Bizkaiko Foru Diputazioa, Posta, Burtsa, Sociedad Bilbaina elkartea edota Euscalduna (1860) egunkaria.
Bilboko arrakasta ikusita, izen bereko kafetegiak zabaldu zituzten Burgosen eta Madrilen (1845). Francisco Matossi-ren seme batek, bestetik, Zaragozan (1847) ireki zuen kafetegia eta Santiago Matossi izeneko anaiak ere berdin egin zuen Santanderren.
Matossitarren etxe dotorea Gorlizen zegoen. Francisco Uhagon Agirre buru zuen Sociedad Bilbaina-k 1842an suitzar enpresari eskaini zizkion elkartearen ostalaritza zerbitzuak, Mariana Intxaurberen kaltetan. Kafetegiaren aretoan italiar operako ikuskizunak ere antolatu ziren XIX. mendeko lehen herenean. Gozotegiak ere arrakasta itzela izan zuen. Bertan, inguruko kafetegietan bezala, Jose Maria Iparragirrek kantatu omen zuen bere “Gernikako Arbola”.
Emiliano Arriagaren arabera, gozotegiko tertuliaren inguruan “La Pastelería” gazte taldea sortu zen, kultur eta festa ekitaldiak antolatzeko. Tartean Txomin Barullo (Domingo Sagarminaga) omen zegoen. Talde horri zor zaizkioke XIX. mende erdialdeko hainbat dantzaldi eta “Gargantua” jolastokiaren lehen agerraldia, 1853ko abuztuko jaietan. Bigarren Karlistaldia amaitu zenerako, sukurtsal berria irekia zuten Areatza pasealekuan, goi mailako klaseen biltoki bilakatuko zena Café del Boulevard izenarekin.
Café Suizon-n sortu zen, orobat, ALEA kultur taldea 1936ko otsailean. Taldeko kide izan ziren Gustavo Maeztu, Blas de Otero, Jose Miguel Azaola, Jaime Delclaux, Lauaxeta, eta abar. Diodoro Anduiza mediku eta pintorea ere izan zen kafetegiko tertuliakidea. Antonio Truebak, Alejandro de la Sotak edota Esteban Calle Iturrinok kafetegiaz idatzi zuten. Espainiako Gerra Zibilaren ondoko urteetan, aretoan dantzaldiak antolatu ziren eta ospea galtzen joan zen. Posta kaleko gozotegiaren lekuan zapata-denda zabaldu zuten 1944an eta, auzitegietan arazoak izan ondoren, Plaza Barriko kafetegia ere itxi zuten 1960an.
Antton Ugarte