Hasiera.- Uribitarte. Bukaera.- Pedro Arrupe.

Gaur egun Abandoibarra izenarekin ezagutzen diren lurrek, urte luzez, toki horretan zegoen hilerri britainiarra zela eta, Ingelesen Landa deitura izan zuten. Hilerriaren historia Valladoliden hasi zen, Felipe III.ak, 1605. urtean, Ingalaterrarekin merkataritza-hitzarmen bat sinatu zuenean; akordioaren arabera, hitzez hitz, ingelesentzako hilerri bat egin behar zen Bilbon, itsasadarrak Salbe parean sorrarazten zuen irla batean, zazpi zuhaitzen irla deitutakoan hain zuzen ere. Hilobiari buruzko aipamen idatzirik zaharrena Archivald Selmanen izeneko hilarri batean agertzen da, 1806an datatua. Mr. Yaungek, Kontsulatu Britainiarraren izenean, 1860an lurren jabetza eskuratu zuen eta hilerria berreraiki zuen, oso egoera txarrean zegoen eta. Ehorzketek aurrera jarraitu zuten, 1908an Errege Agindu batek hilerria itxi zuen arte.

Ostean, lur horietan Olabeagako Acero Clubaren egoitza egon zen, barrakak ere bertan jartzen ziren eta baita zirku alemaniarrak ere: Krone 1928an eta Karl Hegemberg geroago. Manuel Zubiaga hegazkinlariak lurra hartzeko erabili zuen ibar hori.