Bilboko Club Deportivo kirol elkarteak ehun urtetik gorako bidea urratu du. XX. mendearen lehenengo hamarkadetan itzal handia lortu zuen hala Bilbon bertan nola Bizkaian eta Euskal Herria osoan. Club Deportivok kasik kirol guztiak probatu eta sustatu ditu. Arlo batzuetan, mendizaletasuna edo pilota kasu, liderra izan da.
Kluba 1912an sortu zen, hiru elkarteren ekimenez: Zamacois gimnasioko elkartea –gimnasio hori Bilboko kirol zaletasunaren hazia izan zen-, Federación Atlética Vizcaina eta Educación Física. Hiru elkarteek indarrak batu eta Orueta kaleko lokal batean Club Deportivo gimnasioa ireki zuten. Gimnasioarekin batera, jakina, kirol elkartea eratu zuten. Berau dugu hezkuntza fisikoari garrantzia aitortu eta Ingalaterratik sport berri asko iritsi ziren garai hartako ordezkari petoena. Club Deportivok kasik kirol modu guztiei egin zien leku, hasieratik bertatik gainera. Joera horren erakusgarri nagusia elkarteko bigarren presidentea dugu, Antxon Bandres.
Orueta kaleko lokala gutxi iritzi eta 1913ean, San Mames baino bost hilabete lehenago, Club Deportivok Bilboko lehenengo futbol zelaia zabaldu zuen Errekalde zumardian, gaur egun egoitza daukan orubean bertan. Futbol taldea ere eratu zuen, bizitza laburrekoa, 1914an desegin zuten eta. Futbol zelaia ere laster kendu zuten, 1916an.
Futbolean sartu-irten arina egiteaz gain eta hezkuntza fisikoaz aparte, garai hartan Club Deportivok hamaika jarduerari ekin zion: mendi saila eratu zuen (1912, urte hartan egin zuen lehenengo igoera Gorbeiara), goitibehera lehiaketak antolatu zituen Egirletatik Begoñara (1914), auto eta motozikleta lasterketa eratu zuen Barazarrera igotzeko (1913), atletismo probak (1914ko Olimpiada, Campo Volantinen eta cross-country lasterketa), Espainiako Txirrindularitza Txapelketa (1916)… Horiez gain, pilotan aritu ziren Deportivokoak, esgriman, igeriketan, saskibaloian eta euskal dantzetan, besteak beste. Kirol batzuetako federazioetako sortzaile izan zen Club Deportivo, berbarako, euskal futbol federazioa (1913), Bizkaiko (1917) eta Espainiako atletismo federazioa (1920) edo euskal mendizaleen federazioa (1924, Antxon Bandresen ekimenez). Garai hartan euskal mendizaletasunaren zabaltzaile nagusia izan zen eta euskal eskalada ere klubean hasi zen, Angel Sopeña Urduñako Frailebururaino igo zenean (1924).
Futbol zelaia izandako orubean Club Deportivok egoitza egin zuen 1931n. Besteak beste, igerilekua, pilotalekuak, gimnasioa, esgrima eta billar aretoak atondu zituzten. Art-decó estiloko eraikin dotorea zen, Pedro Ispizuak diseinatua, baina zahar gelditu zen eta hura eraitsi eta haren lekuan beste bat berria altxatu zuten 1968an. Hori da egun elkartearen egoitza.
1932ko Bilboko jaietan Club Deportivok kirol probak antolatu zituen: zerbitzari lasterketa, txirrindulari karrera, estropadak eta igeriketa proba. Garai hartan elkarteak bazuen bereizgarri harrigarria: zirku amateurra (1931-36). Deportivoko bazkidez osatutako zirku haren emanaldiek ongintzarako dirua batzea zeukaten helburu.
Gerra ostean ere bere indarrari eta ekimenari eutsi zion Club Deportivok: errugbi ekipoa eduki zuen, beisbol taldea, boxeo saioak antolatu zituen, igeriketan nabarmendu zen eta, batez ere, Bilboko frontoia bilakatu zen. 1968tik aurrera, egoitza berritu zuenetik alegia, Club Deportivo palaren etxea izan zen, 2011 urtera arte. Palari profesional onenak frontoi horretan aritu ziren eta haien izenak historiarako gelditu dira: Manolo Iturri, Fede Arribillaga, Insausti, Luján… Amorebieta IV edo Begoñesen ondorengo horiek Deportivoko frontoian idatzi zituzten haien karreretako orrialderik ederrenak.
Azken urteotan Club Deportivok mendi atalari eutsi dio –Emilio Hernando, 1980ko Everesteko espedizioetako kidea, klubeko bazkidea zen-, baita igeriketari, gimnasiari, boxeoari, palari eta tenisari ere.
Hektor Ortega