Euskadiko lehen lehendakaria eta Euzko Alderdi Jeltzaleko kidea.
Bilboko La Cruz kaleko 6an jaio zen 1904ko martxoaren 6an.
1920an, Teodoro aita hil berritan, Agirrek abokatu ikasketak hasi zituen gerora Deustuko Unibertsitatea izango zenean; 1925ean lizentziatu zen. Bitarte horretan asko landu zituen musika eta kirola, batik bat futbola. Orduan hasi zen Athletic Cluben jokatzen.
Bere kabuz lanean hasi arte 1927an, laguntzaile gisa jardun zuen Esteban Bilbao eta Nazario de Oleaga letratuen bulegoan.
Gaztetan parte hartze aktiboa izan zuen jesulagunen Mariaren kongregazioan (luistarrak) eta Gaztedi Katolikoan, honetako Bizkaiko presidente izan zelarik 1927tik 1930era bitartean.
Orduan hasi zen Agirre euskal abertzaletasunean parte hartzen, EAJn (aberrianoan) eta Bilboko Juventud Vascan. Diktaduraren gainbeheran Euzkerea aldizkariaren inguruan eta Oldargi taldean ibili zen eta 1930ean JVko zuzendaritzako kide izendatu zuten. Urte horretan Bergarako jeltzaleen arteko batasun batzarrean parte hartzeaz gain, prentsaz arduratuko zen batzordekide egin zuten.
Espainiako II. Errepublika ekarriko zuten 1931ko udal bozetara Agirre Getxoko hautagai aurkeztu zuen EAJk, gehiengo osoz irabaziz. Berehala, Agirre buru, euskal udalen mugimendua hasi zen eta Gernikan egiteko udal ordezkarien batzarrerako deia zabaldu zuen. Hauxe izan zen autonomia estatutu bat lortzeko ahaleginen hasiera.
Estatutu proiektua Eusko Ikaskuntzari eskatu zitzaion eta ekainaren 14an onartu zen Lizarran, jatorrizko Eusko Ikaskuntzaren proiektuari eranskinak erantzi ondoren, “Lizarrako Estatutua. Ekainaren 28ko hauteskundeetan Agirrek diputatu akta lortu zuen estatutuaren aldeko zerrendetan aurkeztuz. Hurrengo hauteskundeetan ere lortuko zuen bezala.
Agirrek eta bere belaunaldiko buruzagiek, Errepublika denboran, EAJ tradizionalismotik jarrera kristau-demokratetaraino aldatu zuten. Zentro politikorako bidearen erakusle da familia soldata indarrean jartzeko 1935ean aurkezturiko lege egitasmoa, Agirrek berak 1932tik etxeko txokolate enpresan onartuta zeukana.
1936ko hauteskundeetako emaitzak ez ziren onenak izan EAJrentzat. Fronte Popularra nagusitu zen Espainian. Honek ateak zabaldu zituen Autonomia Estatutua onartzeko eta berehala hasi ziren legea tramitatzen, batzordeko buru Indalecio Prieto eta Agirre bera idazkari zirela. Guzti hori gerrak hondatu zuen.
EAJk hasieratik agertu bazuen ere Errepublikaren aldeko jarrera, Estatutua onartzea eskatu zuen gobernuan sartzeko. Horrela, urriaren batean, Manuel Irujo ministro egiteaz batera, Gorteek Autonomia Estatutua onartu zuten.
Hilaren 7an, Gernikan, Agirrek lehendakari kargua betetzea zin egiteaz gain, Jaurlaritza aurkeztu eta egitasmoa ezagutzera eman zituen. Kontzentrazio gobernua izan zen hura eta erreformista.
Ekainaren 19an, Bilbo erori zenean, Agirrek, Turtziozko manifestua sinatu ondoren, Santanderrera alde zuen. Hemendik, Santoñan euskal tropak errenditu ostean, Parisera aldatu zelarik eta gero Bartzelonara, Katalunia eta Frantzia artean biziz gerra amaitu arte.
Katalunia erori baino lehentxeago, lehendakaria Paristik Figuerasera aldatu zen euskal iheslariei laguntzeko. Otsailaren 5ean gurutzatu zuen muga, Lluis Companys batera.
Erbestean, EAJk gainerako euskal alderdiei Espainiakoekin zituzten hartu-eman organikoak eteteko eskatu zien eta Jaurlaritzari mugatzeko arlo politikora, errefuxiatuen arazoari irtenbidea emanez. Guzti honen gainean, 1940ko maiatzaren 8an Agirrek Julian Zugazagoitia buruzagi sozialistarekin akordua lortu zuen, baina sinatu ez. Hori Agirretarrek egin behar zuten opor bidaiaren osterako utzi zutelarik.
Agirrek ez zuen itzultzerik izan alemaniarren erasoak eragotzita. Lehenengo Belgikan izkutatu zen eta, gero, hainbat diplomatiko hegoamerikarren laguntzaz, New Yorkera eramango zuen bidaiari ekin zion. Bertara 1941eko azaroaren 6an heldu zen, Columbiako Unibertsitateko irakasle kontratu batekin. Bidaian ezinbesteko laguntzaile Manuel Ynchausti izan zuen lehendakariak.
New Yorken lehendakariak hartu-eman estuak lotu zituen AEBetako eta Erresuma Batuko espioitza zerbitzuekin, gerora begira, Euskadira itzultzeko ezinbestekoak iritzita. Erlazio hauen barruan hartu behar da 1942an Agirrek hainbat errepublika hegoamerikarretan zehar egindako bira. Bestalde, Agirrek, etxeko politikara begira, batasunaren aldeko hautua egin zuen, sozialistekin zituen konponezinak arintzea bilatuz.
Baina, mundu gerraren amaierak ez zuen ekarri Espainiako diktadura erortzea. Gerra Hotzaren eraginez, Francoren erregimenak 1945 eta 1946ko gorabeherak saihestea lortu zuen eta, behin 1950eko hamarkadan, sendotzen hasi zen. Honekin batera, barruko oposizioa bera ere txikitzen hasi zitzaion diktadoreari. Ez ziran Franco botatzeko nahikoa izan 1945ean sinaturiko Baionako ituna edo 1947 eta 1951ko greba handiak.
Hala eta guzti, EAJk, Jaurlaritzak eta Agirrek nazioartean hartu eman ugari zabaldu zituzten eta aitzindari izan ziren hainbat alorretan, europeismoan, demokrazia kristauan, federalismoan.
Indarrak suspertzeko asmoz, lehendakariak 1956an, Parisen, Euskal Mundu Biltzarra deitu zuen, bere azken ekarpen handia. Urte gutxira hil zen, 1960an. Bere hilkutxaren gainean hartu zuen lekukoa Jesus Maria Leizaola lehendakari berriak.
Iñaki Goiogana