Deustuko Done Peri edo San Pedro eliza XIV. mendean fundatu zen baina gaur ikusten dugun eraikina XVI. mendearen lehenengo erdialdean altxatu zuten. Gotiko berantiarreko estiloa du eta nabe bakarrekoa da. Dorrea, sakristia eta koroa, ostera, XVIII. mendean egin zituzten. Eliz inguruan eratu zen auzoari Elexalde esan izan zaio XIX. mendera arte.
Done Peri esan izan diote deustuarrek haien herriko elizari urte askotan. Horrela islatu zuen haren aurrean zegoen dorretxearen izenak: Doneperiaga. Eta are argiago ageri da Domingo Egia deustuarraren omenezko bertsoetan (XVII. mendea): “Iaun Doneperi Deustuco”.
Esan bezala, Done Peri eliza XIV. mendean sortu zuten, agiri zaharrenen arabera, Otsoa Etxebarrik eta haren andrea Urrakak. Sortzaile haiek noizbait deustuarrei laga zieten elizaren patronatua. Baina Behe Erdi Aroko krisiaren baitan, noblezia gerlariak jomugan jarri zituen elizetako patronatuak, patroiak hamarrenak jasotzeko eskubidea zeukalako. Garai hartako agiri baten arabera, Gonzalo Gomez Butroekoa, oinaztarren ahaide nagusia, Deustuko Done Peri elizako patronatuaz jabetu eta haren mendeko bati, Juan Asuakoari hain zuzen, eman zion. Deustuarrak altxatu egin ziren erasoaren kontra eta lortu zuten hamarrenaren herena elizako abadeentzat gordetzea. 1450eko agiri batean, deustuar gizonezko multzo batek bere patronatu eskubideak elizaren esku laga zituen. Hurrengo urtean gainerakoek beste horrenbeste egin zuten.
Baina Butroe izenak beldurra eragiten zuen. Handik 73 urtera, bandoetako gerrak aspaldian amaituta zeudela, deustuarrek eta Deustuko abadeek Juan Alonso Muxika Butroe ahaide nagusia salatu zuten, artean herriko hamarrenen erdia beretzat hartzen zuelako. Jauntxoa 1450eko agiriaz jabetu zen eta galdua zela zabaldu zuen. Gaztelako gorengo kontseiluaren hiru ebazpen izan ziren beharrezko azkenean, urte asko igaro eta gero, Butroetarrak amore eman zezan. Deustuko eliza, abadeak hautatzeko eskubidea eta hamarrenak, deustuarren esku gelditu ziren. Aurrerantzean, Lege Zaharrean, hamarrenaren herena fabrikarako (eraikinari eta kultuari eusteko gastuak) bideratu zuten eta beste biak abadeentzat.
Gaur ikusten dugun tenplua XVI. mendeko lehenengo hamarkadan altxatu zuten. Estilo gotiko berantiarrean egin zuten. Horrela ematen du aditzera bere nabe bakarrak, hiru zati desberdinekoa eta altu-altua; baita hari eusten dioten zutabeek, goialdean kapitel apaindu bikainez horniturik, eta hegoaldeko horman irekitako portada nagusiak ere.
XVI. mendeak funtsezko osagai gehiago laga zizkion Deustuko elizari: erretaula nagusia (Errenazimendukoa, estilo erromanistan egindakoa, Martin Basabe eta Martin Ruiz de Zubiateren eskua igartzen da), kapera txikiak (Basabetarrena, San Nikolas, Santa Katalina…) eta sabaia estali zuen ganga sistema.
Hurrengo aldaketa handiak berrehun urte geroago gertatu ziren. XVIII. mendean behegainean harlauza berriak jarri zituzten (1731, hura herriko kanposantua zen), eta koroa (1731n hasita), kanpandorrea (Martin Larrea, 1745) eta sakristia (Luis Abaunza, 1761) egin zituzten. Baina lan berriak ez ezik, kalteak etorri zitzaizkion mende hartan Deustuko elizari. Izan ere, 1770ean oinaztuak dorreko gainaldea jo eta nabarmen kaltetu zuen. Handik gutxira konponketak egin zituzten arren, egitura arrakalatu zen. 1846an Ignazio Maria Etxeandia abadeak jakinarazi zuen dorre gaineko ilargi erdia jaustear zela. Hala ere, ez zioten konponbide bizkorrik eman eta 1847ko abuztuko domeka euritsu batean dorrearen goialdea behera amildu zen, ezkila nagusi biekin (125 arroa bakoitza) batera. Carmen Larrazabal azpian harrapatu eta bertan zerraldo gelditu zen.
Istripuaz gain, Deustuko elizan lapurretak ere gertatu dira. 1739an bost lanpara eta zilarrezko gurutze bat ostu zituzten tenplutik. 1882an ere apaindurak eta dirua eraman zituzten eta beste horrenbeste egin nahi izan zuten 1889an.
Elizaren deskribapena biribiltzeko esan dezagun kapera bitan erretaula txiki bana dagoela, eta adituak daude biak ala biak Beaugrant flandriar eskultoreenak direlakoan.
Elizaren ondareaz eta garrantzi erlijioaz gain, Deustuarentzat eduki duen esanahia ere ez da txatxarra. Deustua elizate gisa eratu zen Behe Erdi Aroan, alegia, eliza baten inguruan. Izenak berak aditzera ematen duenez, elizako atea eduki zuen udaletxe, XVIII. mendean kontzejurako eraikina egin zuten arte. Bilborekiko jurisdikzio borroka latzetan ere ohorezko eszenatokia izan zen Done Peri eliza, hura baitzen Deustuko gorengo lekua, sinbolikoena.
Lege Zaharrean Deustuko kabildoa lau abadez osatuta zegoen. Garai hartan herriko semeak izan behar ziren. Elizgizonekin egindako itunaren ondorioz, apaiz bat ordezkatu behar zenean txandaka egiten zuten aukeraketa: batean herriak –udal batzar irekian- eta hurrengoan kabildoak.
Hektor Ortega