Deustuko kanala 1950 eta 1968 bitartean induskatutako ubidea da. Hasierako asmoaren arabera Elorrietatik Botikazarrera zabaldu behar bazen ere, azken leku horretara iristeko 400 metro falta zirela bertan behera utzi zituzten lanak. Erabaki horren ondorioz, kanala esaten zaion arren, ainguraleku edo kaia besterik ez da izan. 2014ko maiatzean hasi ziren kanala bururaino eramateko lanak. Horien ondorioz Deustuko Erribera eta Zorrotzaurre uharte bihurtuko dira.
1927an jaso zuen lehenengoz Portuko Obren Batzordearen urtekariak Deustuko kanala egiteko proiektua. Bilboko portuak aurreko urteetan eduki zuen hazkundearen ondorioz gero eta eremu gehiago behar zituen kai, nasa, biltegi, industrialde eta garraiobidetarako. Soluzio bila, besteak beste, Deustuko ibarrean ubidea induskatzeko proposamena jorratu zuten. Jatorrizko ideiaren arabera, kanala egin eta gero bertatik desbideratu behar zuten Ibaizabaleko ibilgu nagusia. Ibilgu zaharra, ostera, itsutu egingo zuten Olabeaga aldean (San Mames azpian) eta, ondorioz, Deustuko Erribera eta Zorrotzaurre ezker aldeari atxikita gelditu behar ziren. Nasa eremu berriak irabazteaz gain, kanalak nabigazioa erraztu nahi zuen, Olabeagako bihurgunea saihestuta 10.000 tonatik gorako ontziek ere Bilbo barrura (Abandoibarra eta Uribitarteko kaietara) heltzeko aukera edukiko zuten eta.
1928ko uztailaren 8an Espainiako Herri Lanen Ministerioak proiektua onartu zuen eta, aldaketa txikiak eginda, berriro egin zuen urte hartako urriaren 29an. Jarraian abian jarri zuten desjabetze prozesua. Gauzatu, 1933 eta 1934 bitartean gauzatu zuten, ez erresistentzia barik ostera, ugazaba batzuek ez baitzuten kalte-ordain kopurua ontzat jo. Kexak kexa, lanak hastekotan zeuden, baina obraren tamaina, aurrekontuaren handia, interes asko bateratu beharra eta, azkenean, 1936ko uztaileko matxinada militarra oztopo handiegiak izan ziren. Deustuko kanalaren proiektua bertan behera gelditu zen urte batzuetarako.
Gerra ostean berriz ekin zioten proiektua egokitzeari harik eta 1948an onartu zuten arte. Obrak, berriz, 1950eko abuztuaren 11n hasi ziren. Arranditsu hasi ziren, Herri Lanen Ministroaren bedeinkapenarekin eta No-Doren kameren aurrean. Baina obra haren tamaina neurriz kanpokoa zen. Elorrieta eta Botikazarraren artean kanal berriak 2.900 metro luze behar zuen bere eskuin ibarrean eta 2.400 metro ezkerrekoan. Zortzi metro sakon egin zuten eta 100-130 metro zabal. Hamazortzi urte geroago amore eman zuten, Botikazarretik 400 metrora zeudela.
Zerbitzuan sartu zen, kanal gisa barik kai modura, baina garaiak aldatuta zeuden. Dirutza itzela gastatu eta gero, 1960ko ontzi handiak ezin ziren Deusturaino heldu, zingo nahikorik ezean. Bestalde, kanalak ez zeukan trenbide zerbitzurik eta horrek trafiko arazo handiak eragin zituen. Hala ere, 38 urtez milaka ontziren zamalanetarako baliatu zuten, harik eta 2006ko otsailean zerbitzutik kendu zuten arte. Bertako zereginak Abrako kanpoko portuan egin dira harrez gero.
Deustuarentzat kanala ebaki sakona izan zen. Penintsula sortu berrian, Erribera auzoa isolaturik gelditu eta gainbeheran hasi zen, Zorrotzaurre industrialdea izatea beste aterabiderik izan ez zuen bitartean. Ubidea induskatzeko lanek hamaikatxo baserri edo etxe eraitsi zituzten, oso-osorik: Basabe Laubide, Iturrikoetxe, Irabien, Ipirripieta, Landaburu, Ustara jauregia, Mariena eta Etxezuri ospetsua, izen bateko futbol zelaiaren ondoan. Horiekin batera galdu zen Euskalduna auzoa, 1925ean La Salle ikastetxearen ondoan altxatutako etxe merkeen bizitegia.
Bilboko Udalak 2014ko maiatzean ekin zion kanala irekitzeko proiektuari. Bururaino heltzeko falta ziren 400 metroak induskatu eta, Botikazarrera iritsi orduko bat egingo dute Ibaizabalekin. Hogei milioi euroko aurrekontua dauka lan horrek eta hamasei hilabeteko epean amaitu behar da. Beraz, 2016 baino lehen zabalik behar du. Zorrotzaurre eta Deustuko Erribera uharte bihurtuko dira.
Hektor Ortega