Deustuaren izena munduan gehien famatu duena jesuiten unibertsitatea izan da. 1886an zabaldu zituen ateak, artean Euskal Herrian unibertsitate publikorik ez zegoela, eta harrez gero milaka gizon eta emakume igaro dira bertatik. Elite zuzentzaileen haztegia, arlo batzuetan aitzindari izan da, fakultate komertziala edo euskal filologiaren ikastegia berbarako.
1883ko ekainaren 13an jarri zuten Deustuko Unibertsitatea izango zenaren lehenengo harria ‘La Enseñanza Católica’ sozietate anonimoak Salazar jeneralari erositako Ugazko etxaldean. Cubasko markesaren proiektuari ekin zioten orduan eta hiru urteren buruan, 1886ko irailaren 25ean, ateak zabaldu zituen.
Unibertsitate proiektu horrek, berez, interes bi elkartu zituen bere sorreran. Alde batetik, jakina, jesuitek nahi zuten zabalpen eta itzal handiko ikastegia gauzatu zuen. Bestetik, kapitalismoaren aro zabaldu berrian Bilboko burgesiak goi mailako ikastetxea behar zuen bere klasekoak formatzeko, biharamuneko eliteen fabrika.
Jesuiten esku lagako zuten unibertsitatea sortzeko, Bilboko hamabi gizonek eta emakume batek –Casilda Iturrizar ospetsuak– elkarte anonimoa sortu zuten –La Enseñanza Católica– 500.000 pezeta ipinita. Erakunde publikoen diru laguntzak lortu zituzten eta hipoteka-kreditua eskatu zuten, proiektu guztia finantzatu arte.
Unibertsitate titulua ofizialki ez bazuen ere (titulua ikastegi publikoei baino ez zieten aitortzen), Deustuko Goi Ikasketen Kolegioak berehala eskuratu zituen ospea eta itzala. Eliteen formazio gune aparta bilakatu zen, hala Hego Euskal Herrian nola Espainian. Haien jarduera batzuk ere Deustura ekarri zituzten jesuitek, Mensajero argitaletxea kasu.
1913-14 urte bitartean erakunde pribatu batek (Fundación Vizcaína Aguirre, Berangoko Agirre anaia indianoek sortua eta loba Pedro Ikazak kudeatuta) unibertsitate ondoko lursailak erosi eta unibertsitate ‘komertziala’ sortu zuen (1916), enpresarekin lotutako ikasketak bideratzeko, herrialde aurreratuak eredu hartuta eta Espainian zientzia ekonomikoetako ikasketak onartu baino ia 30 urte lehenago. Unibertsitate berriaren kudeaketa jesuiten esku laga zuen fundazioak, enpresa-buruak, negozio-gizonak, gerenteak eta zuzendariak hezi zitzan.
Hurrengo hamarkadan helburua lortuta zegoen. Deustuko ikasle izandako asko goi mailako karguetan eta enpresatan aritzen ziren hala Euskal Herrian nola Espainian (baita ministro ere, Primo de Riveraren diktaduran). Baina Errepublikarekin giroa mikaztu zen. 1932ko urtarrilean Espainiako Gobernuak jesuiten desegitea eta haien ondasunak publiko izatea agindu zuen. Deustuko Unibertsitateko atal biek onik ateratzeko ahaleginak egin zituzten, lege aldetik ugazabak jabe pribatuak baitziren, La Enseñanza Católica eta Fundación Vizcaina Aguirre hain zuzen. Komertzialak lortu zuen, baina ‘literarioa’k ez eta La Enseñanza Católicak txaletak eta etxeak alokatu zituen inguruetan eskolak ematen jarraitzeko.
Gerra zibila piztu zenean, Unibertsitatea milizia sozialisten egoitzarako eta ospitalerako baliatu zuten. Frankistak sartu zirenean, espetxe gisa erabili zuten. 1937ko ekaina eta 1939ko azaroa bitartean milaka preso pasatu ziren bertatik. Haietatik 343 hil zituzten.
Gerra ostean jesuitak itzuli egin ziren. Berriz ere goi mailako agintarien eskola bilakatu zen, enpresaren eta diktadurako egituren goi karguen haztegi. Ordainean, 1963ean Espainiako estatuak aitorpen ofiziala eman zion. Garai hartan ireki zuen Donostiako campusa eta sasoi hartan ikasle izandako asko banka alorrera bideratu zituzten haien karrera profesionalak. Hurrengo urteetan haien esku gelditu zen sektore horren zuzendaritza Espainian.
Diktaduraren amaieran Euskal Herrian ostera gogortu zen giroa eta unibertsitateak igarri egin zuen. 1973ean hogei ikasle kaleratu zituen, haien lan sozio-politikoa zela medio. 1979ko urtarrila eta martxoa bitartean eskolak hiru aldiz eten zituen erretoreak, unibertsitate barruko tentsioen ondorioz. Une hartan unibertsitatea ia geldirik zegoen, itxiera horiez gain ikasleek eta irakasleek sarritan egin zutelako greba.
Sasoi hartan ere gertakizun harrigarriaren protagonista izan zen Unibertsitatea. Gotzon Garate jesuita su eta gar aritu zen euskal filologiako ikasketak ezartzeko. Orduko erretoreak, ordea, ezetz. Garatek berak kontatu zuenez, azkenean, bere kabuz, prentsa oharra bidali zien hedabideei hurrengo ikasturtean euskal filologia karrera hasiko zela iragartzen. Oihartzun handiaren aurrean, erretoreak amorea eman eta ikasketekin hasi ziren. 1976ean, lehenengoz, unibertsitate karrera izan zen euskal filologia.
Hurrengo urteetan Deustuko Unibertsitateak zabalpenari ekin zion. 1987an mendeurrenaren eraikina ireki zuen eta 2008an Rafael Moneo arkitektoak diseinatutako liburutegia, ibaiaz bestaldean. Gaur egun 10.000 ikasle ditu, Deustuko eta Donostiako campusetan. Sei fakultatetan (Zuzenbide, Teologia, Ingeniaritza, Enpresa eta Ekonomia Zientziak, Psikologia eta Hezkuntza, Giza eta Gizarte Zientziak) jarduera andana garatzen ditu: gradu eta graduondokoak, masterrak, doktoregoak, nazioarteko programak, lankidetza proiektu eta hitzarmenak, aldizkariak, argitalpenak... Horiez gain, hamaika institutu eta ikerketa gune garatu ditu, besteak beste, Deiker eta Euskal Gaien Institutua…
Hektor Ortega