Manuel Eguileor Orueta Abandon jaio zen 1884ko urtarrilaren 1ean. Bederatzi anai-arreben zazpigarrena izan zen. Juan Cruz Eguileor Urrutia abandotarra eta Filomena Orueta Llosa, sestaotarra ziren bere gurasoak, familia dirudunekoak.

Orduñako Jesuitetan ikasi zuen. Gero ingeniaritza egin zuen Bilbon, baina ez zen sekula ogibide honetan aritu, politikan sartu zen. Sabino Arana 12 urte zituelarik ezagutu zuen eta oso goiz piztu zitzaion aberriaren sentimendua. 1904. urtean, 20 urterekin, Bilboko Euskal Gazteria sortu zuen. 1914an Bizkai Buru Batzarreko idazkaria zen eta 1917an Durangoko barrutiko ahaldun probintziala aukeratu zuten.

Euskal nazionalismoaren baitan bizi ziren gatazken erdigunean egon zen Manuel Eguileor. Euzkadi aldizkarian irakurri daiteke Luis Elizalderekin izandako tira bira. Azken hau autonomismoaren defentsan eta Eguileor Sabinoren ortodoxiaren defentsan.

Abertzaleen artean egondako zatiketaren ondorioz, Manuel Eguileor EAJ-ren sektore aberrianoa sortuko du. 1923an Aberri aldizkaria kaleratu zuen. 1930. urtean euskal nazionalismoaren bateratzean garrantzi handia izan zuen. Eskualdetako kontseiluak eta nazionalak elkarbanatzea izan zen egindako akordioa. Eguileorren lana partidu barruan izan zen, antolatzaile moduan eta baita propaganda eta ideologian ere. 1931tik aurrera Euzko Idazkaltza Burubaren buruan egon zen, Sabin Etxean zuen egoitzan.

Bilbo frankisten esku erori zen momentuan, 1937. urtean, muga zeharkatu eta Iparraldera joan zen. Donibane Lohitzunen ezarri zen bere emazte eta alabekin. Bertan EAJ-n idazkari moduan jarraitu zuen lanean. 1940an Grus-eko kontzentrazio-esparruan sartu zuten, handik Irlandara joatea lortu zuen eta 1946. urtean itzuli zen Baionara. Handik bi urtera Bilbora itzultzeko baimena eman zioten.

Bere bizitzaren bukaeran historia, politika eta euskararen inguruan idatzi eta Embor aldizkariaren agerpena bultzatu zuen. Euskararen defentsa garbitzailea egiten zuen, alegia, latinetik, frantsesetik edo gaztelaniatik zetozen hitzak saihestuz.

Bere jarduera parlamentarioa oso urria izan zen. Kargua 1931ko uztailaren 27an zin egin zuen  eta gerra kontseiluko kide moduan aritu zen. Gorteetako plenoetan ez zuen parte hartu, jarrera hau bere ideologiarekin egiten zuen bat, alegia, bere ustetan euskal nazionalistek Gorteetan zuten hitza euskal subiranotasuna defendatzeko behar zuen izan eta Estatu Espainoleko Parlamentuan beste edozein jarduera edo parte hartzeren kontra zegoen.

 

Izaro Arbilla