Abertzaletasunaren eta emakumeen mugimenduaren aldeko ekintzaile sutsua eta kazetari zein idazlea izan zen Karmele Errazti bilbotarra. Euskaraz idatzi zuen, Etxakin edo Emakume bat ezizenez sinatuta. Jarduera horretan gehienbat 1920-1937 bitartean aritu zen eta, alde horretatik, modu jarraian prentsa artikuluak idatzi zituen lehenengo emakumeetakoa izan zen Euskal Herrian.
Bilboko San Nikolas elizan eman zioten bataioa Karmele Errazti Perez de Saratxori 1885eko maiatzeko egun batez. Karmelek ez zuen umetan euskararik ikasi baina gaztetan ekin zion eta laster euskaldundu zen. Abertzaletu ere gaztetan egin zen, eta EAJren inguruko erakundeekin kolaboratu zuen.
Euskara eta abertzaletasuna batu zituen bere lehenengo liburuan, ‘Amesa, umientzako ipuiñak’ (1914), Bilboko Eusko Gaztediak argitaratu baitzuen. Hurrengo urtean Keperin (edo Zeferino) Xemein senarragaz batera (hura ere bilbotarra eta euskaldun berria) ‘Oleskari biyak’ antzezlana idatzi zuen.
1916an hasi zen prentsan idazten. Bilboko Euzko Deya kultur hamaboskariak emakumeei zuzendutako atala ireki zuen eta Erraztiri eman zioten bertako artikuluak idazteko ardura. Etxakin ezizenaz izenpetu zituen. Hurrengo urteetan testu andana argitaratu zituen txoko hartan. Emakume gaiekin minberatuta zegoen Errazti, baina ikuspegi feministatik urrun. Emakumearentzat lekua eta protagonismoa eskatu zuen, baina gizarte patriarkaleko rolak ezbaian jarri barik. Aberriaren alde lerratzeko eta borrokatzeko ardura zen berea. Helburu horretan beste urrats bat eman zuen 1922an, Bilbon sortu zen Emakume Abertzale Batza elkartearen lehenengo presidente hautatu zutenean.
Harrez gero beti uztartu zituen abertzaletasuna eta emakumea, hala bere jarduera politikoan (Errepublikaren sasoian, 1923a eta 1930 bitartean EAB legez kanpo jarri zuten eta) nola prentsa artikuluetan.
1937an Donibane Lohizunen aterpetu zen. Gerra ostean ere jarraitu zuen idazten. Guatemalan argitaratzen zen Euzko Gogoan hiru artikulu plazaratu zituen 1950 eta 1951 bitartean. Horietako batean euskal emakume olerkarien gomuta gaurkotu nahi izan zuen.
Pauen hil zen 1954ko ekainaren 23an.
Hektor Ortega