Francisco Iturrino González Santanderren jaio zen, 1864ko irailaren 9an, euskal jatorriko familia baten baitan, eta Okzinatiako Canha de Mar -frantsesez Cagnes-sur-Mer- delakoan hil zen, 1924ko ekainaren 20an.

Aita, farozaina bera, semeak hiru urte zituela itsasertzeko Castro-Urdiales herrira aldatu zen sendiarekin. 1870ko hamarkadan Bilbora itzuli zen, ere tartean zela. Hantxe ekin zion Iturrino gazteak marrazketa ikasteari, jardun hori ohiko beste ikasketekin tartekatuz. Marraketaren harra osaba Elviro González poeta eta margolariak piztu omen zion. Injinerutza ikastera Brusela joanda, 1883an hain zuzen, hantxe egin zitzaion margotzeko grina. Marrazketaren lanketa alde batera utzita margotzeari ekin zion, zuzen-zuzenean.

Belgikan Maria Josephine Delwit ezagutu zuen eta, 1894 ezkondurik, sei seme-alaba izan zituzten. 1899an, injinerutza ikasketak bertan behera utzita, Parisera aldatu zen. 1901ean Vollard Galeria ospetsuan erakusketa egin zuten berak eta Pablo Ruíz Picasso artean gazte ezezagunak. Azken batean benetan nabarmen eragin zion artista Henri Matisse izan zen. Parisen ezagutu zuten elkar, 1906an.

Euskal Herrira itzuli zen, Espainian barrena bidaiatu zuen eta 1908an Matissek eta biek beren estudioa atondu zuten, Sevillan. Bada, Paris-Bilbo-Sevilla bilakatu zen Iturrinoren bizitzaren ardatz. Eragingarria izan zen 1911n, hartan ere Matisserekin, Tangerrera egin zuen bidaia. 1922an zenbait ebakuntza egin zioten. Bada, lagunek, tartean Picasso, Bonnard eta Maitessi zirela, Iturrinori bere egoera hartan laguntzeko dirua biltzeari ekin eta, margotzen segi ahal izan zezan, etxea erosi zioten Okzitaniako Canha de Mar herrian. Bertan hil zen, esan bezala, 1924an.

Iturrinok garai batean Gaztelan eta Andaluzian ikusi zituenak margotu zituen, hala nola, erromeriak, feriak, inguruak, zezenketak eta zezenketariak eta, oroz gain, emakumeak. Aipatu bidaia haietan argiarekin topo egin zuen eta horrek kolorearekiko mira eragin ziola esan liteke. Haatik, ebakuntzen ostean gehien bat  akuafortea landu zuen.

Francisco Iturrinoren lanak bilduma partikularretan eta  museo askotan ere bildurik dira, hala nola Bilbokoan. Azken batean lanon erosle nagusia Ambroise Vollard arte salerosle ospetsua izan baitzen. 

Garaian garaiko eraginak antzematen zaizkio Iturrinori bere lanetan. Hala nola, post-inpresionismoarena, Van Gogh, Cézanne zein Gauguinena eta, azkenik frantziar fauvismoarena ere. Azken horren ildoan kolorea eta argia maisutasunez erabiltzen zekiela erakutsi zuen.

Bilboko Arte Eder Museoak 1997an artistaren erakusketa zabala eskaini zuen. Museoak berak artistaren garai guztietako lanak ditu ikusgai, hala nola, AutorretratuaRafael Echevarriaren erretratuaEmakumeak grisezEmakumeak biluzten eta Emakumeak lorategian.

Edorta Jimenez