Bernardo Maria Garro Basterretxea “Otxolua” 1891ko abuztuaren 22an jaio zen Mundakan. Bilboko Merkataritza Eskolan ikasi ondoren, Argentinara joan zen bizitzera 1910ean.
1911n sortutako Buenos Airesko Euzko Gaztediren diruzaina izan zen 1914 arte. Elkartearen Euzkotarra (1913) astekarian eta folklore ekitaldietan (dantza, musika, antzertia) parte hartu zuen. Halaber, hiriburuko Laurak Bat elkartea jeltzaleen esku gera zedin, propaganda lanean aritu zen.
1917an Bizkaira itzulita, Astoreca Y Azqueta enpresan lanean hasi zen. Bilboko Euzko Gaztediren zuzendaritzakide izendatu zuten 1920an, baina hurrengo urtean Bilbon EAJ-PNV izenez berriz sortu zen alderdian, Aberri ildo independistarekin bat egin eta beraz CNV(Comunión Nacionalista Vasca)n jarraitu zuen. Euzkadi egunkariko Kirikiñoren euskal atalean idatzi zuen, Mundakako berriemaile ere bazela.
Laura Garteizaurrekoarekin ezkondu zen 1928an eta hiru seme-alaba izan zituzten. Halaber, Euzkeltzale Bazkunaren sabindar joerako Euzkerea (1929-1936) aldizkarian idazten aritu zen. 1929an Donostiako Euskaltzaleak elkarteak euskal egunkariaren egitasmoa aukeztu zuenean, Otxolua izan zen 0. zenbakiaren lankideetako bat.
Garai horretan bi liburu argitaratu zituen: ¡Bijar Doniane'ra! (1929) itsas narrazioa eta Giulio Cesare Croce-ren Bertolda'ren maltzurkeri zurrak eta Bertoldin'en txaldankeri barregarrijak (1932) itzulpena.
Espainiako Bigarren Errepublikan, Euzkel Idazle Batzako (1935) kide izan zen. Hainbat lan idatzi zituen Euzkadiko Lauaxetaren euskal atalean eta Manu Ziarsolok zuzendutako Euzko astekarian. Besteak beste, Jean Barbier eta Cecily Hallack itzuli zituen bizkaierara.
Espainiako Gerra Zibilean, Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuak, Jesus Maria Leizaolak, 1937an sortutako Euskadiko Kultura Batzordeko kide izendatu zuen. Euskara eta Euskal Literaturaren saileko gainerako ordezkariak hauek izan ziren: Raimundo Olabide, Tomas Agirre, Joseba Altuna eta Lauaxeta.
Francoren diktaduran, Bilboko Dindirri dantza taldeari laguntzen ibili zen. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1950ean eta garai horretan Federiko Krutwig euskaltzain gaztearen literatur taldean aritu zen.
Hainbat idazlan argitaratu zituen Olerti, Txistulari, Euskera eta BRSVAP aldizkarietan.
Bilbon hil zen 1960ko irailaren 14an.
Antton Ugarte