Juan Gorostiaga Bilbao 1905eko martxoaren 30ean jaio zen Deustuan, baina urtebetean familia Getxora aldatu zen. Oinarrizko ikasketak Durangon egin zituen jesuitekin. Comillasko Unibertsitate Pontifikalean filosofia eta letretako nahiz teologiako lizentziak eskuratu zituen, eta 1927an apaiztu egin zen.

 Gero Liburu Santuak eta asiriologia ikasi zituen Erromako Biblia Institutu Pontifikalean. Ekialde Hurbileko eta Bibliako hizkuntzez gain, euskara ere ondo menderatzen zuen. Euskal Herrira itzulita, 1932an Getxoko Algorta auzoan kapilau izendatu zuten. Jose Antonio Agirre jeltzalea adiskide zuen.

 Urte berean euskaltzain urgazle izendatu zuten. Gero akademiaren erdara-euskara hiztegigintzan arduradun izateko kontratatu zuten, Orixeren ordez Resurreccion Maria Azkue euskaltzainburuari laguntzeko.

 Espainiako Bigarren Errepublikan, Ekialde Hurbileko hizkuntzen eta euskararen arteko harremanak aztertu zituen, EAJk Bilbon antolatutako hainbat hitzalditan eta aldizkaritako artikulutan. Halaber, Euzko Ikastola Batzako irakasleak kondaira biblikoan hezten aritu zen.

 Gaian aditu gisa, berak idatzi zituen Espasa Entziklopediaren eranskineko sarrerak sumeriera eta akadiera hizkuntzez. 1935ean Pequeña antología de literatura babilonia liburua prestatu zuen, galduta egon zena 1991n Salamancako Artxibo Historiko Nazionalean aurkitu arte.

 Gerra Zibilean, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Euskal Hizkuntza eta Literatura ataleko burua izan zen, hainbat ekintza burutzen saiatu zena hezkuntzaren eta kulturaren alorretan. Halaber, Bizkaian 1937an Mateo Mujika apezpikuaren agindupean sortu zen apaizgaitegirako irakasle izendatu zuten. Militar kolpezaleek Bilbo okupatu aurretik Frantziara erbesteratu zen eta Jaurlaritzaren haur kolonietan aritu zen irakasle. Alberto Onaindia eta beste euskal apaiz abertzale batzuekin Anaiak aldizkaria sortu zuen Parisen 1939an.

 Bigarren Mundu Gerraren eraginez, Kubara ihes egin behar izan zuen 1940ko maiatzean. Valentin Zubizarreta Santiago de Cuba-ko artzapezpikuak, bertako apaizgaitegian irakasle ezarri zuen. Kuban euskal etimologiak ikertzen aritu zen Azkueren hiztegiaz lagunduta.

 1943an Fulgencio Batistak gobernatzen zuen Kubatik Mexikora aldatu zen eta Queretaro estatuko Tequisquiapan herrian kokatu zen, bertako indigenekin apaiz lanetan baldintza zailetan. 1943an Mexikon sortutako Euzko Deya abertzalean idazten jarraitu zuen. Hainbat aldiz itzuli zen Euskal Herrira, erbestea behin betiko utzi ahal izan zuen arte, zegoeneko mexikar herritartasunaren jabe zela.

 Euskaltzain oso izendatu zuten 1950eko abenduan, Azkuek, Federiko Krutwigek, Juan Miguel Seminariok eta Manuel Lekuonak proposatuta. Sarrera hitzaldia Bilboko Udaletxean egin zuen 1951ko apirilean. Akademiaren buletina etenarazia zegoenez, hitzaldia artikulu gisa argitaratu zen erbesteko Euzko-Gogoa aldizkarian: “Bizkai zaharreko izenak” (1952).

 Gorostiaga, orobat, akademiaren bibliotekaren arduraduna izan zen aldizka 1951tik 1970 arte. 1954ean AEBn egon zen ikerketan. Halaber, Antonio Tovarrek Salamancako Unibertsitatean sortutako euskara katedran hainbat ikastaro eman zituen. Euskal Herriaren eskubideen aldeko idazkia sinatu zuten 339 apaizetako bat izan zen 1960ko maiatzean.

 1963ko azaroan Juan Gorostiaga, Eusebio Erkiaga eta Lino Akesolo bizkaitarrek akademiarekin harremanak bertan behera uzten zituztela esanez idatzi zioten Euskaltzaindiari, euskaltzain berrien izendapenen harira. Gorostiagarena bere onera etorri zen, baina akademiatik aldendu egin zen euskara batuak sortutako istiluen giroan.

 Parisko Hizkuntzalaritza Elkarteko kide izan zen. Euskararen eta latin hizkuntzen arteko harremanak ikertu zituen bereziki. Halaber, euskararen jatorria eta Euskal Herriaren kristautzea jakinmin nagusi izan zituen. Idazlan argitaragabeak utzi zituen euskararen etimologiez eta Euskal Herriaren historiaz.

 Liburuak 1950eko hamarkadan argitaratu zituen: Epica y lírica vizcaína antigua (1952), Vocabulario del refranero vizcaino de 1596 (1953), Un pasaje de Estrabón sobre el peán cántabro, el famoso canto de Lelo y un detalle de métrica del Mío Cid (1953), Historia de la Anteiglesia de Guecho (1953) eta Antología de poesía popular vasca (1955).

 Aldizkarietan sarriago idatzi zuen: Euzkerea, RIEV, Euskera, Euzko-Enda, The Linguist, Gernika, Munibe, Helmántica, Fontes Linguae Vasconum, BRSVAP, Revista de Humanidades Clásicas, Euskerazaintza, Vizcaya, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, Eusko Jakintza eta Zumarraga.

 1988ko ekainaren 7an Bilbon hil zen, Getxoko hirukoiztarren komentuan bizi zenean.

 

Antton Ugarte