Areatzako pasealekuan zegoen kafetegia.
Plaza Barriko Café Suizo-ren sukurtsal gisa 1871n zabaldu zuten goi mailako kafetegia. Inaugurazio ofiziala 1876an egin zen, Bigarren Karlistaldia amaituta.
Hain zuzen, Sociedad El Sitio elkarteko liberalek bertan egiten zituzten berbaldiak. Goiko solairuetan Hotel d'Anglaterre eta gero Hotel Almirante egon ziren.
Barne dekorazioan, frantses eragineko “art déco” estiloko moldaketak (luminariak, saretak, metalak) egin zituen Tomas Bilbao arkitektoak 1929an. Manuel Losada pintoreak eta Luis Lertxundi beiragileak ere parte hartu zuten dekorazioan.
Jabe ezagunenak Pascual eta Francisco Perez Iarza anaiak izan ziren. Haien aitak ondoan zuen Bar Carabanchel delakoa eta bi anaiek, halaber, Las Columnas izeneko kabareta zuten Gorte kalean, baita La Salve garagardotegia ere.
Bertan bildu ziren tertuliarako hainbat pertsonaia ezagun: Santiago Artiach, Antonio Egiluz, Enrique Alberca, Aureliano Lopez Becerra Desperdicios, Joaquin Zuazagoitia edota Miguel Unamuno. Beste tertuliakide batzuk ere izan zituen: Pedro Mourlane Mitxelena, Rafael Sanchez Mazas, Ramiro Maeztu, Jose Ortega y Gasset, eta abar.
Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, beste lagun batzuk bildu ziren kafetegiko berbaldietara: Juan Aranoa, Genaro Urrutia, Jose Maria Uzelai, Ricardo Iñurria, eta abar
Vicente Blasco Ibañez valentziar errepublikazalearen El intruso (1904) eleberria, kafetegian Enrique Areilza doktorearekin izandako elkarrizketa batetik abiatu omen zen. Juan Antonio Zunzunegik, halaber, kafetegiko giroa deskribatu zuen La quiebra (1947) eleberrian.
Espainiako Gerra Zibilean, Robert Capa-k argazki ezaguna atera zuen kafetegiaren aurrean, bonbardaketa batean. Lehenago, Manuel Losadak pintatu zituen pasealekuko eszena atseginagoak.
1979an arazo ekonomikoek Perez Iarzatarren kafetegia itxiarazi zuten. 1983ko uholdeek kafetegiaren egitura ondatu zuten eta Ricardo Lorenzo arkitektoak birgaitu zuen. Hamar urte ondoren, berriz ireki zuten, Juan Carlos Martinez Gorriz arkitektoaren eskutik.
2006an itxi egin zuten eta, herritarren protesta ugariren ondoren, 2010-2012 artean berreraiki. 2013an kafetegiak berriz zabaldu zituen ateak El Mercante izen berriarekin.
Antton Ugarte