Juan Cruz Ibargutxi Agirre 1883ko abenduaren 23an jaio zen Ubiden. Gasteizko apaizgaitegian eliz ikasketak burutu zituen 1897-1908 artean.

 Zigoitian eta Eskoriatzan lan egin ondoren, 1916tik Eibarren aritu zen apaiz lanetan, kristau ikasbideaz eta mutualitateaz arduratzen zela.

 1912an Zornotzan sortutako Jaungoiko Zale Bazkunako kide izan zen, hainbat apaiz euskaltzalerekin elkarlanean: Zirilo Arzubiaga, Gabriel Manterola, Juan Bautista Eguzkitza eta Jose Antonio Oar-Arteta, besteak beste.

 Bilbon argitaratu zuen lehen otoitz liburua1915ean: Loyola'tar Iñaki Deuna'ren bederatziurruna. Sabindar ereduko euskara garbizalea erabiltzen zuen. Euskaltzaindia eratu zenean 1919an, euskaltzain urgazle izendatu zuten.

 Jaungoiko Zale Bazkunak argitaratu zizkion hurrengo liburuak: Jaungoikoaren legeko aginduak (1925), Eleiz Ama Deunaren ikurtonak edo sakramentuak (1932) eta Edesti deuna (1936).

 Halaber, Bazkunak argitaratutako Jaungoiko-Zale (1912-1932) eta Ekin (1932-1936) aldizkarietan idatzi zituen hainbat artikulu. Euskal Herriko Txistulari Elkarteko kide izan zen 1928-1936 artean.

 Espainiako Gerra Zibilean, 1937an, Ingalaterrara erbesteratu zen, Eusko Jaurlaritzaren Scarborough-eko haur kolonia katolikora. Urtebete ondoren Frantziako Rochefortera joan eta 1938-1940 artean bikario laguntzaile aritu zen.

 Erbestetik itzulita, Logroñoko Badaranen egon zen 1941-1950 artean bikario ekonomo gisa, seguru asko agintari frankistek deserritua. Ondoren Basauriko Basconia enpresaren neska ikastetxeko kapilau izan zen.

 Basaurin zegoela plazaratu ahal izan zituen aspaldi prestatuak zituen liburuak, Zirilo Arzubiagaren Bilboko argitaletxean: Kristiñau-ikasbide-atzalbena (1953-1959) eta Geroko bizitza (1954). Fededun katoliko zorrotza zen, erlijioaren eta gizartearen ikuspegi oso hertsia zuena.

 Pablo Gurpide buru zuen Bilboko Elizbarrutiak 1957an Resurreccion Maria Azkue euskaltzainburu zenari omenaldia egin zionean, Ibargutxik parte hartu zuen “Azkue euskeralogo” hitzaldiarekin. Artikuluak hurrengo aldizkarietan ere argitaratu zituen: Karmel, Euzko-Gogo eta Euskera.

 1968an ohorezko euskaltzain izendatu zuten eta hurrengo urteko irailaren 14an hil zen Ubiden.

 

 

Antton Ugarte