Ibarrekolanda hiri-auzoa gain apal baten buru altxatu zuten XX. mendearen bigarren erdialdean. Gaur egun 10.000 biztanle dituen arren, historian zehar baserri aldea izan da, txakolindegi ospetsuen eremua.
Deustuko elizate zaharreko alderdi horren lehenengo izen dokumentatua Etxebarri da. Izan ere, 1704ko fogerazioan Miragai Etxebarria auzoa ageri da. Miragaia esaten zioten gaur Ramon y Cajal kaleko goialdea denari. Bertako baserriak alde batera utzita, fogerazioko atal horretan agertzen diren gainerakoak gaur egungo Ibarrekolandan zeuden. Euskal ohiturari jarraituz, auzoa etxeen izenean txertatu ohi zuten garai hartako agirietan: Etxebarri esaten zieten bertako baserrietako batzuei, Etxebarri Elorriaga, Etxabarri edo Etxebarri Mazo berbarako. Hala ere, ordukoak dira Etxebarri auzoaren azken aipamen idatziak.
Etxebarrin jendea batzeko lekua zegoen, Ibarrako landa eta zuhaiztia alegia. Bertan elkartzen ziren gazteak domeketan albokaren doinuaz dantzatzeko (1675) eta 150 urte geroago bertan geratu ziren armak hartuta Konstituzioaren aurka borrokatu nahi zuten mutilak, mendira jo aurretik (1823). Ibarra baserriaren aurrean zegoen landa hura. XVIII. mendearen amaieran Deustuko udaleko agirietan Ibarra auzoa hasi ziren idazten alderdi horretako aldeari deitzeko. 1799an herriak landaren zati bat saldu behar izan zuenean. Ibarra eta Gaztañadui baserrietako ugazabek protesta egin zuten, landa eurena zelakoan. Auzi luzea eragin zuten. Agiri horietan Ibarralanda, Landaibarra edo Ibarrakolanda izenez esan zioten zelai horri.
Ibarrekolandako zelai hartako alde batean (iparraldean) Ibarra baserria zegoen bezala, beste aldean (hegoaldean) San Bizente edo San Migel ermita txikia zegoen, Larrauriko baserrietatik hur. Horregatik inoiz santu bi horien izenak ere eman izan zaizkio agiri zaharretan inguru hartako auzoari. San Migel egunean erromeria egiten zen Ibarrekolandan.
XIX. mendean ere Ibarrekolanda baserri aldea zen eta Deustuko Udalak Madariaga auzoaren baitan sailkatu ohi zuen. Hala ere, aldaketak igartzen hasi ziren. Alde batetik, txakolindegien urrezko aroan inguru honetako batzuk oso ezagun egin ziren. Ospetsuenetako batzuk aipatzearren, Irabien, Rementeria eta, batez ere, Arbolagaña. Zuhaitz gainean mahaia zeukan txakolindegia ikurra da, hala Ibarrekolandako herritarrentzat nola Deustua osoarentzat.
Aldaketa gehiago ekarri zituen XIX. mendeak. Bilboko aberatsek burges gustuko etxaldeak egin zituzten bertan bizitzeko edo, gutxienez, denboraldiak emateko. Ibarra baserria Otaolatarren jauregia bilakatu zen eta Sarriko baserriaren lursailetan Tomas Zubiriak Goi Eder egoitza altxarazi zuen XX. mendeko lehenengo urteetan. Burgesiarekin batera, tranbia (1885) eta Bilbo-Areeta trena (1887) heldu ziren. Harrez gero, baserri alde hartan lehenengo etxebizitza bloke apalak altxatu zituzten, komunikabideen ondoan, baita lehenengo lantegiak ere. Aldaketa bizkortu egin zen.
Hala ere, benetako urbanizazioa ez zen iritsi 1960eko hamarkadara arte. Behin san eraikita, Ibarrekolandako baserri zaharrak bana-bana jausi ziren induskailuen atzaparretan haien orubeetan etxebizitza blokeak altxatzeko. Sarrikoko finkan (Zubiria) jauregi berria egin zuten (Goi Eder gerra zibilean galdu zen), Otaolatarren jauregiaren lursailetan Bordeleko Familia Sakratuaren Ahizpek San Jose ikastetxea ireki zuten eta 1960tik aurrera etxebizitza blokeak altxatu zituzten, zerbitzuetako eraikinekin tartekaturik (Banco de Bilbao eta Banco de Vizcayak datuak prozesatzeko zentroak ireki zituzten, DKW…). 1963an, Sarrikoko finkan, Enpresa eta Ekonomia Zientzietako Fakultatearen eraikina egin zuten. 1970ko hamarkadaren amaieratik aurrera Sarriko aldean (antzinako Larrauri) etxeak eraikitzeari ekin zioten. Herritarren borrokak lortu zuen Sarrikoko etxaldea parke publiko bihurtzea 1970ko hamarkadaren amaieran. Ia 32.000 metro koadroko azalera dauka eta bere baitan daude San Ignazioko bigarren fasea eraikitzerakoan (1962) lekuz aldatu zuten Larrakotorre dorretxearen aurriak.
Azkeneko herri lan handienak Metro geltokia (1995), Enekuriko autobidea (2000) eta Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioa (2007) izan dira. Gaur egun 10.500 bizilagun ditu Ibarrekolandak.
Hektor Ortega