Hektor Ortega
Hektor Ortega
PSOEko buruzagia nagusietako izan zen Indalecio Prieto Tueros XX. mendeko bigarren laurdenean. Lau bider izendatu zuten Espainiako Errepublikako ministro. Diputatu, Bilboko zinegotzi, kazetari eta idazle ere jardun zuen. Hizlari bikainaren ospea eduki zuen.
Oviedon jaio zen 1883ko apirilaren 30ean baina umetxoa zela familia Bilbora etorri zen. XX. mendea argitu orduko lanean hasi zen, takigrafo gisa, El Porvenir Vasco kazetan, gero La Voz de Vizcayan eta 1902an El Liberalen. Egunkari horretan mailaz maila igotzen hasi zen. Autodidakta hutsa, lehenengo kazetaria, gero erredaktore burua eta, denborak aurrera egin ahala, zuzendaria eta are jabea (1931) izatera iritsi zen. Hori baino lehen Bilboko Agrupación Socialistan eman zuen izena (1899) eta Bilboko Gazteri Sozialisten sorreran hartu zuen parte (1903).
Hurrengo hamarkadan hasi zen kargudun PSOEren izenean, batez ere errepublikazaleekin egindako akordioei esker. Lehenengo Aldundiko diputatu (1911tik aurrera), gero Bilboko Udalean (1916, alkateordea izan zen) eta azkenik Madrileko Gorteetako diputatu, 1918 eta 1936 bitartean, Primo de Riveraren diktaduran (1924-1930) izan ezik. Orotara zazpi bider aukeratu zuten Espainiako Kongresurako, beti Bizkaian.
Primo de Riveraren garaitik PSOEn hiru lerro nagusi eratu ziren. Julian Besteiroren inguruan moderatuak bildu ziren eta Largo Caballerorekin, ostera, iraultzaileenak. Erdian kokatu zuen bere burua Prietok eta harekin alderdiko zati handi bat.
Bazeukan izana eta izena. Donostiako Itunean (1930, Espainiako monarkia kendu eta errepublikaz ordezkatzeko aliantza) bera agertu zen, bere izenean, PSOEn agintzen zuen Largo Caballeroren jarreratik urrun. Errepublika laster aldarrikatu zen (1931ko apirilean) eta Manuel Azañaren lehenengo gobernuetan Prieto ministro izan zen: Ogasuna (1931) eta Herri Lanak (1932-33).
Eskuindarrek 1933ko hauteskundeak irabazi ostean, PSOE eta ezkerreko beste erakunde batzuek 1934ko urriko greba iraultzaileari ekin zioten. Prieto tartean ibili zen eta, ondorioz, ihes egin behar izan zuen, Frantziara erbesteraturik. Hirugarren aldia zen, 1917 eta 1930ko greba iraultzaileen ostean ere alde egin behar izan baitzuen.
Saio iraultzailearen prestaketa lanetan esku hartu bazuen ere, Prietoren joera bestelakoa zen. Ez zuen nahi PSOE ezkerrerantz erradikalizaturik, komunistekin eta anarkistekin elkarlanean. Alderantziz, indar liberal eta burges errepublikazaleekin jardun gura zuen lankidetzan.
1936an berriro aukeratu zuten diputatu eta 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpearen ostean Aire eta Itsas Armadako ministro izendatu zuten Largo Caballeroren kabinetean. 1937an Negrinek Largo ordezkatu zuen lehen ministro bezala eta Prietok Defentsa ministerioaren ardura hartu zuen. 1938ko apirilean atera zuten gobernutik, gerra ezin zutela irabazi pentsatzen zuelako.
Gerra ostean Mexikon erbesteratu zen. Handik PSOE zuzendu zuen, antikomunismorantz lerrokatuz eta monarkikoekin akordioak lortzeko itxaropenaz. 1950ean, asmo hura hein handi batean zapuztuta, bere kargu guztiak utzi zituen. 1962ko otsailaren 11n hil zen Mexiko Hirian.
Hektor Ortega
Este contenido no esta disponible en estos momentos.
Proximamente estará disponible.
Disculpe la molestia
Puedes verlo en los siguientes idiomas:
Castellano Euskera