Juan Nepomuceno Irigoien Gerrikabeitia 1884ko maiatzaren 16an jaio zen Bergaran. Aita Jose Maria Celestino Irigoien zen, soraluzear legelaria, eta ama, Maria Cruz Dominga Gerrikabeitia, bergararra. Bi anai-arreba gazteago izan zituen: Jose Maria eta Josefa Teodora.

 Batxilergoa Bergarako Erret Mintegian ikasi zuen domingotarrekin 1898 arte eta gero Deustuko Unibertsitatean burutu zuen filosofia eta letren lizentzia. Palentzian zegoela idatzi zuen Alfonso Berruguete eskultoreaz doktore tesia.

 Espainiako Artxibozain, Bibliotekari eta Arkeologoen profesional taldeko kide izatea lortu zuen. Gero Zaragozako Unibertsitatearen bibliotekaria izan zen eta bertan ezkondu zen Carmen Etxebarriarekin 1911n.

 Bilbora etorrita, Bizkaiko Probintzia Artxibo Historikoaren zuzendaria izan zen. 1920an, jeltzaleak Bizkaiko Probintzia Diputazioan nagusi izan ondoren, euskal biblioteka eratzeko egitasmoan batzordekide hautatu zuten Karmelo Etxegarai, Teofilo Guiard eta Dario Areitiorekin.

 Irigoien, halaber, kazetari ezaguna izan zen. Excelsior (1924-1931) egunkariaren erredaktoreburu gisa, askotariko gaiez idatzi zuen: artea, musika edota pelota. Prentsan idatzitako artikuluak bilduta, El juego de pelota a mano (1926) liburua argitaratu zuen.

 1932tik aurrera La Gaceta del Norte egunkarian aritu zen hil arte. Kirolari eta kirolzalea izan zen, Bilboko Kirol Klubeko burua hainbat urtez, eta pilota nahiz mendizale federazioetako batzordekide.

 Halaber, Eusko Ikaskuntzaren hainbat egitasmotan parte hartu zuen: 1927ko uda ikastaroa, Primo de Riveraren diktadurak 1928an debekatutako karlistaldien erakusketa, “Ertilari euzkotarren zerrenda” (1924-1936) eta Bergarako bosgarren biltzarra (1930). Espainiako Bigarren Errepublikan, Euzko Ikastola Batzako irakasleak hezten aritu zen.

 Gerra Zibilean, aldiz, militar kolpezaleen alde egin zuen. Bilboko kultur talde frankistako kide izan zen, beste lagun batzuekin batera: Esteban Calle Iturrino idazlea, Joaquin Zuazagoitia alkatea edota Aureliano Lopez La Gaceta del Norteko zuzendaria. Hiriburuko hainbat kultur erakundeko batzordekide izan zen Francoren diktaduran. 1941ean Espainiako Gobernuak Alfontso X.a Jakintsuaren Ordenako kide izendatu zuen.

 Urte berean Euskaltzaindia berriz abiatu zen, Bizkaiko Probintzia Diputazioko Kultura Batzordearen baimenarekin eta dirulaguntzarekin. Baina baldintza batzuk jarri zizkioten agintari frankistek: erbestean zeuden euskaltzainak akademiatik kanpo gelditzea, Frantziako euskaltzainak batzarretara ez deitzea, eta euskaltzain osoen artean Juan Irigoien izendatzea, Kultura Batzordearen ordezkari.

 Irigoien, Antonio Tovar-en bitartez, berriki sortutako CSIC gobernu erakundearen baitan txertatzen saiatu zen Euskaltzaindia. Tovarrek erantzun zion, 1941eko ekainean, guztiz bat zegoela euskal ikasketak berrantolatzeko Irigoienek aurkeztu zion planarekin, baina egitasmoak ez zuen aurrera egin. Tovar 1948 arte ez zuten euskaltzain urgazle izendatu eta 1949an Irigoienen ordez Juan Miguel Seminario kazetaria aukeratuko dute euskaltzain oso, Bizkaiko Kultura Batzordea akademian ordezkatzeko.

 Euskaltzaindiak 1941eko apirilean, gaztelania-euskara hiztegigintzari berriz ekitea erabaki eta horretarako batzordea izendatu zuen: Resurreccion Maria Azkue, Juan Irigoien eta Nazario Oleaga. Hasieratik hasi ziren, “A” letratik, eta gerra aurreko garaian baino geldoago aritu ziren.

 Hainbat aldizkaritan idatzi zuen: Argentinako La Basconia, Bilboko Vida vasca edota Probintzia Diputazioaren Vizcaya. Hil ondoren, haren artikuluak Dantzariak aldizkarian edota Andres E. Mañarikuaren Estudios vizcaínosen agertu ziren.

 Aro Berriko historiografiaren alorrean, Pleito de la exención intentada por la Universidad de Oxirondo en contradicción con la villa de Vergara (1952) argitaratu zuen.

 Bestalde, itsasketan oinarritutako eleberriak idatzi zituen: El "Cho" del "Carmengo Ama"; "Etxekalte" el forzudo (1929?), Los tremendos de Kanala (1936) arrakastatsuena, eta Magde "la Capitanesa" (1961). Hain zuzen, Bizkaiko Arrantzale Kofradien federazioko buru izan zen eta Cartilla de identificación de la costa francesa de Cabo Higuer a Belle Isle (1951) maparen egilea.

 1964ko apirilaren 12an hil zen Bilbon.

 

Antton Ugarte