Jesus Garai futbolari profesionala izan zen eta Athletic Club, Bartzelona eta Malagako lehen taldeekin aritu zen. Lau kopa eta liga bat irabazi zituen eta Europako Kopako finala behin jokatu zuen.
Jesus Garai Vecino Santutxun jaio zen 1930eko irailaren 10ean. Lehenengo kirol urratsak Santutxun (1944-45) eta Begoñan (1946-48) egin zituen. Behin Athleticek fitxatuta, urtebete eman zuen Bigarren Mailan, Erandion utzita.
1950ean egin zuen debuta Athleticen. Talde itzela aurkitu zuen. Aurrealde mitikoa (Iriondo, Panizo, Zarra, Venancio eta Gaintza) jardun betean ari zen baina adinean gora zihoan. Hurrengo belaunaldiko osagai funtsezkoa bilakatu zen Garai, hamaikako ahaztezinean iltzaturik: Carmelo; Orue, Garai, Canito; Mauri, Maguregi; Artetxe, Markaida, Arieta, Uribe eta Gaintza.
Horiek izan ziren hamarkadako erdialdetik aurrera urte loriatsuak urratu zituztenak: 1955an eta 1956an Kopa bi errenkadan irabazi zituzten eta, gainera, bigarren urtean bikoa egin zuten, Ligan ere gailendu baitzen Athletic. Horiexek ere, Europako Kopan Athletic lehenengoz ordezkatu zuten mutilak, Porto, Honved eta Manchester Uniteden aurka klub zuri-gorriaren historiako orrialderik ederrenetakoak idatzita. Eta eurak izan ziren, halaber, 1958an Europako Kopako txapeldun zen Real Madril menderaturik Kopa bereganatu zuten lehoiak.
Urte oparoak, beraz, Athleticentzat, hazkunde betekoak. 1952an Tribuna Nagusia eraiki zuen klubak. 1957an, Hegoaldeko Tribuna. Eta, hala ere, ezin bazkide izan nahi zuten guztiak hartzeko beste leku egin. Horregatik, klubak Iparraldeko Tribuna eraikitzea erabaki zuen. Orduantxe (1960) onartu zuen Bartzelonaren eskaintza: sei milioi pezeta Garairen truke. Operazio biak batera egin zituztenez, zaletuek ondorioztatu zuten diruaz tribuna berria ordaindu zela eta urte askoan Garai Tribuna esan zioten.
Garaik hamar denboraldi egin zituen Athleticen. Liga, Kopa eta Europako Kopan 292 partida jokatu zituen. Bartzelonan bost denboraldi osatu zituen (1960-1965). Kopa bat irabazi zuen (1963) baita Europako Kopako finala jokatu ere (1961). Beste denboraldi bat egin zuen Malagan erretiroa hartu aurretik.
Bilbon hil zen, 1995eko otsailaren 10ean.
Hektor Ortega