Federico Krutwig Sagredo 1921eko maiatzaren 15ean jaio zen Getxon. Aita, Friedrich Krutwig Bartholome, alemaniar industrialaria zen eta ama, Isidra Sagredo Mateo, getxotarra.

 Batxilergoa Bilboko Alemaniar Eskolan ikasi zuen eta Espainiako Gerra Zibilak iraun artean Alemaniara eta Portugalera erbesteratu zen militar kolpezaleen aldeko familiarekin.

 Bilbora itzulita, Merkataritza Eskolako ikasketak burutu zituen 1942-1949 artean. Hizkuntza asko ikasi zituen gaztetan: gaztelania, frantsesa, alemana, italiera, portugesa, greziera, euskara, etc. Hain zuzen, euskararen gaitasuna agiri baten bila ari zela, aitak Nazario Oleaga abokatu euskaltzainarekin jarri zuen harremanetan.

 Gerra Zibilak eragindako bost urteko etenaldiaren ondoren, 1941ean Euskaltzaindia berriro abiatu zen. Bizkaiko Probintzia Diputazioko Kultura Batzorde frankistak baimendu eta diruz lagundu zuen, baldintzapean. Urte bereko lehen batzarrean Resurreccion Maria Azkue euskaltzainburu eta Nazario Oleaga euskaltzain oso eta idazkari izendatu zituzten.

 Krutwig, aldiz, 1942an urgazle eta 1947an euskaltzain oso izendatu zuten, akademiaren historian hautatutako gazteena. Euskaltzaindiaren urterik zailenetan lapurtera klasikoa sustatu zuen literatur hizkuntza gisa eta batzarrak euskaraz egitea bultzatu zuen.

 Azkueren babespean, Krutwigek akademia berregituratu egin zuen 1949an: Frantziako euskaltzainak berriro deitzen hasteaz gain, euskaltzain berriak izendatu zituzten, hemezortziko taldea osatu arte. Halaber, euskalkien ordezkaritza baino areago, hautagaien merituak hartu zituzten kontuan.

 Krutwigen bitartez Luis Villasante frantziskotarra euskaltzain izendatu zuten. Villasantek 1952an egin zuen sarrera hitzaldia Bizkaiko Probintzia Diputazioaren jauregian. Krutwigek eman zion erantzunean, euskal Eliza Katolikoaren euskararekiko axolagabetasuna kritikatu zuen. Ekitaldi irekian zeuden agintari frankistek salatu egin zuten eta Frantziara ihes egin behar izan zuen.

 Parisen, besteak beste, Jon Mirande euskal idazlearekin harremanetan egon zen. Halaber, Ekialdeko hizkuntzak eta erlijioak ikertu zituen. Gero Alemaniara aldatu zen, itzultzaile gisa lan egitera. 1955ean Johanna Käthe Lück-ekin ezkontzen da Kolonian eta Chandra Phreiderikos Alexandros izeneko semea izan zuten.

 1956an Eusko Jaurlaritzak Parisen antolatutako Euskal Mundu Biltzarrera bi txosten bidali zituen. Txosten politikoan, borroka armatuaren beharra aldarrikatu zuen, Francoren diktadurari aurka egiteko.

 Dibortziatua, Biarritzera aldatu zen 1961ean. Bertan idatzi zuen eta Francisco Miangolarrak argitaratu zion Vasconia (1963) saiakera politikoa, ezker abertzalean eta ETAn eragin handikoa. Hain zuzen, Frantziako Gobernuak Belgikara alde egitera behartu zuen liburuagatik 1964ean. Halaber, Espainiako Partidu Komunistak La cuestión vasca (1965) argitaratu zion.

 ETAren bosgarren biltzarrean aktiboki parte hartu zuen 1967an eta erakundeko kide izan zen aldez edo moldez 1975 arte. Urte horietan Belgikan eta Italian bizi izan zen, baita Aljerian ere 1972an. Agnes Caers unibertsitate irakaslearekin bigarrenez ezkondu zen Lovainan 1973an. Baionako Elkar argitaletxe berriak La Vasconie et l’Europe nouvelle (1977) saiakera argitaratu zion.

 Marxismoa erabat baztertuta eta politikagintza neurri handi batean ere bai, Euskal Herrira itzuli zen Espainiako Trantsizioa hastearekin bat. Literatur lan eta saiakera ugari argitaratu zituen urte horietan: Garaldea (1978), La nueva Vasconia (1979), Belatzen Baratza sail fantastikoa (1979-1983), Ekhaitza (1980), Igibarziaren iphuinak (1982) eta Computer shock Vasconia, año 2001 (1984).

 Euskaltzaindiarekin ez zuen harremanik eten, eta 1981ean Literatura batzordea sortu zenean, Krutwig aukeratu zuten buru 1989 arte. Batzorde horretatik abiatuta sortu zen Euskal Idazleen Elkartea 1982an. 1988 urtean estilistikaz jardunaldiak antolatu zituzten Gernikan. Hurrengo bi urteetan Literatura Klasikoaren azpibatzorde gisa aritu zen, 1990ean akademiak desegin zuen arte.

 1985ean Jakintza Baitha elkarte helenista sortu zuen Krutwigek Zarautzen hainbat lagunekin: Alfonso Irigoien, Manu Ertzilla, Juan Luis Goikoetxea, Josu Lavin eta Michael E. Morris. Elkarteak Halcón aldizkaria argitaratuko zuen Bilbon 1993-1995 artean.

 1991 urtean Bilbao de los años cuarenta oroitzapen liburua prestatu zuen, lagun artean banatzeko. 1997an hainbat erakunderen omenaldi eta sariak jaso zituen: Euskaltzaindia, Bidebarrieta Kulturgunea, Bilboko Liburu Azoka eta Jakin aldizkaria. 1998ko azaroaren 15ean hil zen Bilbon.

 

Antton Ugarte