Luis Maria Ignacio Jose Ramon Eleizalde Breñosa 1878ko ekainaren 9an jaio zen Bergaran. Aita, Luis Maria Eleizalde, errezildarra zen, filosofia katedraduna, eta ama, Maria Belen Breñosa, aretxabaletarra.

 Batxilergoa Bergarako Erret Mintegian hasi zuen domingotarrekin, eta Zaragozako Institutuan burutu. Zaragozako Unibertsitatean zientzia ikasketak abiatu zituen eta azkenik Madrilgo Unibertsitatean lizentziatu zen 1899an.

 Sabino Aranaren El Partido Carlista y los fueros vasko-nabarros (1897)  irakurriz, karlismoa alde batera utzi eta EAJn izena eman zuen. 1901ean Euzkadi aldizkarian idazten hasi zen eta ondoren hainbat artikulu idatziko ditu Bilboko La Patria eta Patria astekari jeltzaleetan (1901-1906).

 Engrazio Aranzadirekin batera, Aranaren lankide gertuenetakoa izan zen eta EAJren sortzailearen asmo politikoen berri izan zuen lehen eskutik. Eleizalde Bilboko Larrinagan preso egon zen idatzitako artikulu bategatik. Atxilotuta egon bitartean, Evangelista Iberoko kaputxinoaren Ami vasco (1906) liburuaren probak zuzendu zituen.

 1905ean institutu katedradun izendatu zuten eta hurrengo urtean, espetxetik atera ondoren, Gasteizko Institutuan lortu zuen matematika katedradun lanpostua. 1906an, halaber, ezkondu egin zen Mundakako Leona Urrutiarekin.

 1907-1913 artean agertu zen Gipuzkoarra astekariaren arduradunetakoa izan zen, probintzian euskal abertzaletasuna hedatzeko tresna garrantzitsua. 1911-1915 artean Euzkadi aldizkariaren zuzendaritzaz arduratu zen. Eragin handiagoa eman nahi izan zion, talde abertzale ezberdinen topagune bihurtuz eta askotariko kultura gaiak landuz.

 Gasteizko Euskal Etxearen lehendabiziko buru izendatu zuten 1907an eta EAJ lehen aldiz aurkeztu zenean hiriburuko udal hauteskundeetara 1911n, Eleizalde alderdiaren hautagai nagusia izan zen, baina ez zuen zinegotzi izatea lortu. Urte berean Araba Buru Batzarreko kide izendatu zuten.

 Hurrengo urtean Euzkadi Buru Batzarreko buru aukeratu zuten, baina ez zuen kargua bete. 1913 urtean Arabako diputatu izateko hauteskundeetara aurkeztu zen. ABBean eragin handia izaten jarraitu zuen eta 1918an Gasteizko Euzko Gaztedi sortu zenean, ohorezko buru izendatu zuten.

 1916 urtean, Eleizalderen ekimenez, EAJk izena aldatu zuen: Euzko Jel Batza (gaztelaniaz, Comunión Nacionalista Vasca). Alderdia bide pragmatiko eta autonomistatik eraman nahi zuen, gero zatibitzea eragingo zuen joera independentistari aurre eginda. Halaber, Lausanako(Suitza) nazionalitateen biltzarrean parte hartu zuen urte berean.

 Idatzitako lan ugariak sakabanatuta daude aipatutako aldizkarietan, baina liburuen artean hurrengoak aurkitzen dira: Sabino Aranaren Deun izendegi euzkotarrari hitzaurrea (1910), Raza, lengua y nación vascas (1911), Morfología de la conjugación vasca sintética (1913), Países y razas (1914), Cuatro conferencias (1918) edota Landibar (1918) eleberri autobiografikoa.

 Matematika katedra betetzen jarraitu zuen Gasteizko Institutuan 1919 arte. Euskal abertzaleak Bizkaiko Probintzia Diputazioan nagusitu ondoren, Herri Irakaskuntza Batzordea sortu zuten. Eleizalde batzordeburu eta auzo eskoletako ikuskari izendatu zuten. 

 Pedagogiaren arloan, euskal eskolaren sustatzaile nagusienetako izan zen. Hezkuntza autonomia eta eraberritzea bultzatzeaz gain, euskal ikasliburuak sortu zituen, hala nola, Euskeraz irakurteko irakaspidea (1920) edota Euskal-zenbakiztia aritmetika liburua (1920).

 Eusko Ikaskuntzaren zuzendaritzakide izan zen eta 1918an, erakundearen lehen biltzarrean, Hezkuntza eta Hizkuntza sailetan hitzaldi bana eman zuen. Euskaltzaindia eratzeko erabakia hartu zutenean Oñatiko biltzarrean, akademia abian jarriko zuten lehen lau euskaltzainak izendatu zituzten: Arturo Campion, Julio Urkixo, Luis Eleizalde eta Resurreccion Maria Azkue. Eleizalde 1919an Euskaltzaindiko idazkari izendatu zuten eta berak proposatu zuen akademiaren egoitza Bilbon ezartzea.

 Gasteizko katedra nahitara utzi eta Bilbora aldatu zen 1919an, beraz. Osasun txarrekoa zen eta garai horretan somatu zituen minbiziaren lehen zantzuak. 1920-1921 artean hiru ebakuntza egin zizkioten. Bizitzako azken lan gisa “Listas alfabéticas de voces toponomásticas vascas” izenekoa prestatu zuen RIEV aldizkarirako (1922-1936).

 Alemanian ere tratamendu erradiologikoa jaso zuen. Ahul egonagatik, Eusko Ikaskuntzaren 1922ko Gernikako biltzarrean parte hartu zuen. 1923ko uztailaren 24an hil zen Bilbon.

 

Antton Ugarte