Emeterio Miguel Arruza Egia 1890eko martxoaren 3an jaio zen Bilbon. 1907an lanpostua lortu zuen La Polar aseguru enpresan eta gero Banco del Comercio-n egin zuen lan. 1918an Klotilde Sopelanarekine ezkondu zen eta sei seme-alaba izan zituzten.

 Euzko Gaztediko eta Euzkeltzale Bazkunako kide gisa, hainbat agerkaritan idatzi zuen 1911tik: El Bidasoa, La Gaceta del Norte, Euzkadi, Aberri, Hermes edota Jesus'en Biotzaren Deya.

 Bizkaiko Probintzia Diputazioan jeltzaleak nagusitu ziren garaian, erakundeko itzultzaile izendatu zuten 1919tik 1923 arte. Alderdi jeltzalea zatitu zenean 1921ean, ez zuen Aberri ildo independistarekin bat egin.

 Ondoren funtzionario lanetan jarraitu zuen eta euskara ikasteko gramatikak idatzi zituen: Método Massé-Dixón (1923) eta Método práctico para aprender vascuence (1925). 1928an Bilboko Institutuaren euskara katedrako irakasle izendatu zuten, Kirikiñoren ordez, baina urtebeteren buruan lanpostua galdu zuen.

 Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian, Bizkaiko Probintzia Diputazioaren euskara katedretako irakasle izan zen. Halaber, 1932ko Batzorde Kudeatzaileen Autonomia Estatutua itzuli zuen euskarara.

 1934ean Antonio Truebaren Etxe-kalte itzulpena eta Euskeraz ikasteko bide erraza argitaratu zituen. 1933-1936 artean La Gaceta del Norte egunkariaren euskal atalaren arduradun izan zen. Gerra Zibilean, Eusko Jaurlaritzak 1937an argitaratutako Eguna egunkarian aritu zen “Egunon” zutabearen arduradun.

 1937-1940 artean Frantzian erbesteratuta egon zen, Jaurlaritzaren haur kolonietan irakasle, Bigarren Mundu Gerraren eraginez Bilbora itzuli zen arte. Ondoren, agintari frankistek kargugabetuta, Harino Panadera enpresan lan egin zuen erretiroa hartu arte.

 Francoren diktaduran, beste hainbat euskal aldizkaritan idatzi zuen. 1950etik aurrera euskara eskolak eman zituen, besteak beste, bere etxean. Urte berean euskaltzain urgazle izendatu zuten eta Federiko Krutwig euskaltzainaren literatur taldean aritu zen. 1956-1958 artean berriz izan zen La Gaceta del Norteren euskal atalaren arduradun.

 Ondoren Euskaltzaindiaren Laguntzailleak (1959-1963) taldea berpizten saiatu zen eta Jo! (1966) irudidun ikasbidea argitaratu zuen elkarlanean.

 Urte bereko maiatzaren 12an hil zen Iruñean.

 

Antton Ugarte