Justo Maria Mokoroa Mujika “Ibar” 1901eko maiatzaren 28an jaio zen Tolosan. Eliz ikasketak eskolapioekin egin zituen 1906-1922 artean hainbat herritan: Tolosa, Tafalla, Peralta de la Sal, Aiegi eta Zaragoza.

 Euskaltzaindiak 1923an antolatutako bigarren Euskalegunetan hitzaldia eman zuen Donezteben. Halaber, Euskal Esnalea erakundeak antolatutako “Euskeraren etorkizuna” hitzaldia eman zuen, 1928an argitaratua.

 Apaiztu ondoren irakasle aritu zen Zaragozan eta Iruñean, 1922-1926 artean. Ondoren, 1926-1934 artean, Txileko Santiagon egon zen irakasle. Espainiako Bigarren Errepublikan, eskolapioek Euskal Herriko erlijio probintzia sortu zutenean, Iruñera itzuli zen eta ordenako probintzialaren idazkari izendatu zuten 1934ean.

 Garai horretan argitaratu zuen Genio y lengua (1935) saiakera, alemaniar pentsamenduaren ildokoa, eta eragin handikoa abertzaletasun euskaltzalean.

 Erbesteratu egin zen Gerra Zibila hastean. Akizeko Elizbarrutiaren apaizgaitegian egon zen irakasle lau urtez. 1941ean Gipuzkoara itzuli zen aldi batez, baina, agintari frankisten zigorraren mehatxuz, Txileko Santiagora alde egin behar izan zuen 1950 arte.

 Urte horretan erbestetik itzuli zen eta Madrilen egon ondoren, 1953-1955 artean Tolosan eman zituen eskolak. Handik aurrera Bilboko eskolapioen komunitatean bizi eta bertako ikastetxean eman zituen eskolak. Besteak beste, ikasle izan zituen gero euskaltzain izango ziren Xabier Kintana edota Andolin Eguzkitza.

 Euskaltzaindiak 1956an antolatutako lehen biltzarrean “De vida o muerte” hitzaldia eman zuen euskararen egoera larriaz, eta hurrengo urtean euskaltzain urgazle izendatu zuten. 1958an aspaldi euskarara itzuli zuen Arturo Campionen Erraondo-ko azken danbolinteroa liburu gisa argitaratu zuen.

 Euskaltzaindiaren 1968ko biltzarrean ere parte hartu arren, euskara batuaren aurkako jarrera izan zuen, Lengua vasca de hoy y de mañana (1971) eta Egiaren billa (1973) liburuetan adierazi zuena. Hala ere, 1979an ohorezko euskaltzain izendatu zuten.

 Bizi guztian bildutako ahozko nahiz idatzizko milaka esaerekin Ortik eta emendik idazlan erraldoia argitaratu zuen bi liburukitan 1990ean. Urte bereko azaroaren 7an hil zen Bilbon.

 

Antton Ugarte