Nazario Oleaga Muguruza 1884ko uztailaren 28an jaio zen Bilbon. Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta doktoregoa Salamancan eskuratu zuen 1905ean.

 Zeanuriko Udalaren idazkari izateaz gain, Bilbon lan egin zuen abokatu gisa Esteban Bilbao buruzagi tradizionalistarekin. Emilia Etxeberria abandoararrekin ezkondu zen eta 1925ean Bilbora aldatu ziren behin betiko.

 1918an Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetakoa eta Zuzenbide saileko kide izan zen. Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarrean Euskaltzaindia eratzeko erabakia hartu zuten Oñatin, eta 1919an Oleaga euskaltzain urgazle izendatu zuten. Halaber, Eusko Ikaskuntzaren 1922ko hirugarren biltzarrean Gernikan parte hartu zuen eta euskara hezkuntzan sustatzeko sortutako batzordean Bizkaiko ordezkari hautatu zuten.

 Euskaltzaindiak sorreran izan zituen bost batzordeetako bat toponimiarena zen (“Lurrizenbatzailea”) eta hiru kide izan zituen: Raimundo Olabide, Nazario Oleaga eta Odon Apraiz. Halaber, Euskera agerkari ofizialaren arduraduna izan zen Seber Altuberekin bat. Euskararen hizkuntz atlasa abiatzeko galdeketan (“Erizkizunde irukoitza”) ere parte hartu zuen.

 Oleagak 1923an, euskara bereziki hezkuntza arloan bultzatzeko, Euskeraren Adiskideak guraso elkartea sortu zuen Bilbon, aka­demiaren onespenaz. Bilbo Aurrezki Kutxaren euskal eskolaren aldeko sariketa irabazita, Gregorio Mujikaren Zurtasun-gogoa (1923) itzuli zuen euskarara. Primo de Riveraren diktaduran, euskaltzainburuarekin batera, euskal testuak baimentzea eskatu zion Bizkaiko gobernadore zibilari.

 Politikagintzan euskal autonomismoaren alde egin zuen Espainiako Bigarren Errepublikan, Bizkaiko karlismoaren nahiz Eusko Ikaskuntzaren izenean. Hain zuzen, Eusko Ikaskuntzaren Estatutuaren (1931) justizia atalaz arduratu zen. Mallabiako Udalaren ordezkari gisa, Lizarrako Estatutua (1931) onartu zuen euskal udalen batzarrean parte hartu zuelarik.

 Uste osoko euskaltzalea izanda, administrazio mailan euskara erabiltzeko eskubidea eta betebeharra bultzatu zuen Autonomia Estatutuaren idazketan. Halaber, Oleagaren ekimenez, Lizarran batzartutako udalek Espainiako Gobernu berriari eskatu zioten Euskal Herrian elebidun hezkuntza ezartzea.

 Euskaltzaindiaren Laguntzalleak taldearen sortzaileetakoa izan zen, 1933-1935 artean Deia hilabetekaria argitaratu zuena Bilbon.

 Espainiako Gerra Zibilean, 1936ko udan, Bizkaiko agintari errepublikanoek Oleagari baimena eman zioten bitartekaritza egiteko,  bi preso ospetsuren arteko trukea burutzeko: Esteban Bilbao diputatu ohia errepublikanoen preso eta Ernesto Erkoreka Bilboko alkatea, frankisten preso.

 Gerra Zibilak eragindako bost urteko etenaldiaren ondoren, 1941ean Euskaltzaindia berriro abiatu zen, Bizkaiko Probintzia Diputazioko Kultura Batzorde frankistaren baimenarekin eta dirulaguntzarekin. Urte bereko lehen batzarrean Oleaga euskaltzain oso eta akademiaren idazkari izendatu zuten.

 1951n Resurreccion Maria Azkue hil zen arte, euskaltzainburuaren lankide gertukoena izan zen eta gaztelania-euskara hiztegigintzan parte hartu zuen. Federiko Krutwig euskaltzain gazteak 1952an Elizari egindako kritikek agintari frankistekin sortutako istiluari aurre egin behar izan zion, akademiaren idazkari gisa. Halaber, Euskaltzaindiak 1956an abiatu zuen biziberritzean parte hartu zuen: euskaltzaleen biltzarra Arantzazuko santutegian, Azkueri omenaldia Bilboko Coliseo Albia antzokian, edota Euskera agerkariaren berrargitaratzea.

 1958an Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren antolaketan parte hartu zuen. Akademiak urte berean Eusebio Erkiagaren Araibar zalduna eleberriari eman zion literatur sarian ere epaimahaikide izan zen. Are Euskaltzaindiaren Laguntzailleak berpizteko saioan (1959-1963) aritzeko astia izan zuen hil baino lehenago.

 Francoren diktaduran, Bizkaiko Kultura Batzordearen kide gisa, euskal ikastaroak antolatu zituen. Bilboko Elizbarruti berriarendako, Casimiro Morcillo apezpikuaren izendapena Oleagak itzuli zuen euskarara Elizbarrutiaren buletinaren lehen zenbakian (1950). Literatur hizkuntza gisa bizkaiera garbizalea erabili zuen, Sabino Aranaren ildoko neologismoak baztertu gabe.

 Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkunean ere ardurak izan zituen 1935-1956 artean. Bizkaiko foru zuzenbidea bildu eta Espainiako Kode Zibilera egokitzeko legelari batzordeko kide izendatu zuen Gobernuak 1948an. Lan horretatik abiatuta promulgatuko zen 1959ko Legea Bizkaiko eta Arabako foru zuzenbide zibilaz.

 1961eko abenduaren 5ean hil zen Bilbon. Euskaltzaindiak omenaldia egin zion 1984ean.

 

 

Anton Ugarte