Nikolas Ormaetxea Pellejero “Orixe” 1888ko abenduaren 6an jaio zen Orexan. Gurasoak Juan Bautista Ormaetxea eta Maria Manuela Ignacia Pellejero zituen. Hirukia izan zelako, Rosa Ariztimuño inudeak hazi zuen Uitzin.
Jesuitekin eliz ikasketak egin zituen Xabierren, Loiolako santutegian, Burgosen eta Oñan 1904-1914 artean. Ondoren irakasle aritu zen jesuiten eskoletan 1914-1920 artean: Comillas, Carrion de los Condes, Tutera eta Xabier.
1923an, teologia ikasketak burutzen ari zela, Jesusen lagundia utziarazi zioten. Ezin apaiztu izana eta ordenako nagusiekin izandako arazoek arrastoa utzi zuten Orixe fededun zorrotzarengan.
Ordurako ezaguna zen euskal literaturaren eta hizkuntzalaritzaren alorrean, bereziki RIEV eta Jesus'en Biotzaren Deya aldizkarietan idatzitakoagatik. 1919an Euskaltzaindia eratu zutenean euskaltzain urgazle izendatu zuten. Akademiako lankideekin batera, 1922-1925 artean hizkuntza inkestak (“Erizkizundi Irukoitza”) egiten aritu zen.
Bilbora aldatuta, 1924-1931 artean Orixek laurehundik gora artikulu argitaratu zituen alderdi jeltzalearen Euzkadi egunkarian. 1928an Kirikiño ordeztu zuen egunkariaren euskal atalaz arduratzeko, Orixeren ospearen erakusgarri. Garai horretan argitaratzen ditu Santa Kruz apaiza (1929) eta bi itzulpen: Tormes'ko itsu-mutilla (1929) eta Mistral'en Mireio (1930).
1926an Euskaltzaindiak Orixe kontratatzen du erdara-euskara hiztegigintzaren lanerako. 1927an Orixek hartu zuen hiztegi berria bideratzeko ardura, eta batzorde berezi bat eratu zuten. 1932an Orixek hiztegiaren hitzaurrea irakurri zuen azaroko batzarrean, eta hiztegia non argitaratu aztertzen hasi ziren hurrengo urtean, baina lanek ez zuten aurrera egin.
Halaber 1932an, sabindar jeltzaleek gogor eraso zuten Euskaltzaindia, Sabino Aranaren “Deun izendegi euskotarra”ren aurkako euskal izendegia ezartzera zihoalakoan. EAJk esku hartzean, akademiak atzera egin zuen, eta Orixe bera ararteko aritu zen Euzkadi egunkarian.
Euskal idazle ia mitiko bilakatuta, 1931 urtean Orixek Bilbo uzten du, Donostiako Euskaltzaleak elkartearen enkarguz Euskaldunak poema nazionala idaz dezan. 1934ean Barne-muinetan poema metafisikoa argitaratzen du.
Espainiako Gerra Zibilak Orexan harrapatu zuen eta euskal abertzaletasunagatik preso egon zen Iruñean. Besteak beste, Justo Maria Mokoroa apaizari esker aske utzi eta Tolosan babes hartu zuen. Berriz atxilotua izateko arrisku bizian, Frantziara erbesteratu zen 1938an. Bizitoki ugari izan zituen 1938-1947 artean: Donibane Lohizune, Saubion, Aire-sur-l'Adour, Lestelle-Betharram eta Bidarrai.
Erbesteko urte latzak izan ziren, are Gurseko kontzentrazio esparruan atxilotuta egoteraino 1940an. Hala ere, garai horretan Eusko-Jakintza eta Gernika aldizkarietan euskararen eta Euskaltzaindiaren inguruko eztabaidetan parte hartu zuen, bereziki Federiko Krutwig euskaltzain gaztearekin.
Besteak beste, Jesus Maria Leizaola lehendakariordeak eskatuta, Eliza Katolikoaren Urte guziko meza-bezperak (1950) itzuli zuen.
Pedro Rocamora zentsura arduradunaren baimenarekin, Zarauzko Itxaropena argitaletxeak Orixeren Euskaldunak (1950) bukolikoa argitaratu ahal izan zuen.
Urte berean Guatemalara alde egiten du, Jokin Zaitegiren Euzko-Gogoa aldizkari berriaren idazkari izateko, eta bertan argitaratuko du “Quiton arrebarekin” sail mistikoa (1950-1954). 1951ean El Salvadorrera aldatzen da eta gero argitaratuko den erlijio literatura itzultzen du: Agustiñ gurenaren aitorkizunak (1956) eta Salmutegia (1967).
1954ean Euskal Herrira itzuli zen eta ongi etorri berezia egin zitzaion. Ordurako oso gaixo zegoela, hainbat bizitoki izan zituen 1961 arte: Tolosa, Lazkaoko komentua, Orexa, Arama eta Donostia. Urte horietan idazten ditu hil ondoren argitaratuko Benedikto Santuaren erregela (1980) eta Jainkoaren billa (1971) liburua. Euskal kulturan zuen itzalaren erakusgarri, frantziskotarren Yakin aldizkaria Orixeren maisutzaren pean abiatu zen 1956an.
1957an euskaltzain oso izendatu zuten, 69 urterekin, akademiaren historian zaharrenetakoa. Euskaltzaindiak 1959ko literatur euskara finkatzen hasteko adierazpena egin zuenean, sabindarrek eta Orixek aurka egin zuten. Belaunaldi gazteekiko eta gizarte berriarekiko etena nabaria zen ordurako idazle kontserbadorearengan.
Euskaltzaindiaren 1961ko literatur saria “Lau urtaroak nere begietan” poemarekin irabazi ondoren, urte bereko abuztuaren 9an hil zen Donostiako Añorga auzoan.
Antton Ugarte