Arturo Peña atleta 10.000 metroko probetan eta kros lasterketetan nabarmendu zen. Espainiako txapelduna izan zen modalitate bi horietan eta, horrez gain, Amsterdamgo Joko Olinpikoetan eta Nazioen Krosean hartu zuen parte. 1926 eta 1933 bitartean korritu zuen, alegia, Bizkaiko atletismoa bere gorenean egon zenean.
Deustuan jaio zen Arturo Peña Aznar 1903ko azaroaren 21ean. Hala ere, bere bizitza ia guztia Plentzian eman zuen. 1927an euskal atletismoaren elitean zegoen, urrezko aroa urratzen ari zen Bizkaiko taldeko partaide. Artean Espainiako txapelketak lurralde selekzioen artean jokatzen ziren. Urte hartako Espainiako kros txapelketan bizkaitarrak bikain aritu ziren: Amador Palma irabazle (haren hirugarren txapela), Txutxi Oiarbide bigarren, German Campo laugarren eta Arturo Peña hamargarren. Campo eta Peña Athleticekoak ziren. Izan are, sasoi hartan klub zuri-gorriak futbolaz beste kirol atalak eratu zituen (alpinismoa, atletismoa, txirrindularitza…).
Krosaz gain, pistan ere baziharduen Arturo Peñak. 1927an bertan, 10.000 metroko Espainiako txapela jantzi zuen. Hurrengo urte bietan ere irabazi zuen eta horrela, bera izan zen hiru urtez jarraian garaipena eskuratu zuen lehen atleta.
1928an, 10.000 metrotan bigarren titulua lortzeaz gain, Espainiako Kros Txapelketan nagusitu zen, azkeneko itzulian eraso eginda. Martxoaren 11n Frantziako Atletismo Federazioak antolatutako kros lasterketan korritu zuen, Parisko Maisons Laffite hipodromoan, Oiarbide eta Camporekin. Bizkaitarrek bosgarren, seigarren (Peña) eta zazpigarren egin zuten. Erakustaldiari esker, hurrengo urtean Espainiak Nazioen Krosean (munduko txapelketaren pareko lasterketa) parte hartzeko gonbidapen preziatua lortu zuen.
Ondoren Amsterdamgo Olinpiar Jokoak etorri ziren. Arturo Peñak 10.000 metroko lasterketan hartu zuen parte eta hamahirugarren iritsi zen helmugara. Paavo Nurmi mitikoak irabazi zuen. Egun bi geroago Peñak 5.000 metroko finalaurrekoa korritu zuen baina ez zen finalera sailkatu.
1929an Txutxi Oiarbide gailendu zen Espainiako Kros Txapelketan, German Campok hirugarren eta Arturo Peñak laugarren eginda. Bizkaitarrek taldekako txapela ere irabazi zuten. Hala ere, urteko hitzordurik garrantzitsuena Nazioen Krosa izan zen. Parisen jokatu zen, Maisons Laffite hipodromoan bertan, eta bizkaitarrak, beste behin, polito aritu ziren. Oiarbidek bosgarren egin zuen eta Peñak hamalaugarren. Espainiak ezustekoa eman eta hirugarren sailkatu zen taldekako lehiaketan.
Bere onenean zegoen Bizkaiko atletismoa: Arturo Peña, Txutxi Oiarbide, German Campo, Bilbon egin ohi ziren kros lasterketak… Baina, aldi berean, endekatzen hasia. Alde batetik, ez zegoen atletismoan aritzeko estadiorik. Bestetik, barne tirabirek eta futbolak hartu zuen suharrak bidea zaildu zioten. 1929an bertan Arturo Peñak atletismoa laga behar zuela iragarri zuen, arazo pertsonalak tarteko. Ez guztiz, ordea.
1930n gogotsu itzuli zen. Hiru lasterketa jarraian irabazi ostean, Espainiako Kros Txapelketan hirugarren egin zuen. Eta Nazioen Krosean berriro erakutsi zuen lehiatzeko gaitasuna, hamabosgarren eginda. Hura izan zen belaunaldi haren azken Nazioen Krosa.
1931ean Arturo Peña bakarrik aurkeztu zen Espainiako Kros Txapelketan. Irabazi egin zuen. Haren azken garaipen handia izan zen. Eta Bizkaiko atletismoaren hondamendiaren hasiera. 1932ko Espainiako Kros Txapelketan Peñak bigarren egin zuen. Abenduan Athletic, bere bizitzako kluba, utzi eta Club Donostiara aldatu zen. Baina artean ez bide zen behar bezainbeste entrenatzen eta igarri egiten zen. Donostian emaitza eskasak lortu zituen eta 1933ko maiatzean erretiroa hartu zuen.
Plentzian hil zen 1969ko abenduaren 13an.
Hektor Ortega