Resurreccion Maria Azkue Aberasturi 1864ko abuztuaren 5ean jaio zen Lekeition. Ama, Maria Karmen Aberasturi, mundakarra zuen eta aita, Eusebio Maria Azkue, lekeitiarra. Itsas ikasketak egin zituen Lekeition eta hamalau urterekin Bilbora joan zen batxilergoa ikastera. Ondoren Gasteizko apaizgaitegian eta Salamancan burutu zituen eliz ikasketak, eta 1888 urtean apaiztu zen.
Urte berean, Bilboko Institutuko euskara katedrarako lehiaketa irabazi zuen, Sabino Arana eta Miguel Unamuno lehiakide zituela. Hiriburua izan zuen bizileku geroztik Azkuek. Institutuan aritzeaz gain, haurrentzako euskara eskolak ere antolatu zituen, Jardines kaleko egoitzan, eta 1896tik aurrera, Balentin Berrio-Otxoa izeneko ikastetxean.
Euskal Izkindea (1891) gramatika ez ezik, irakurgaiak, ortografia proiektuak eta ikasbideak argitaratu zituen, ikasleei zuzenduta. Garai hartan bultzatu zituen euskara hutsezko bi aldizkari aitzindari ere: Euskalzale (1897-1899) eta Ibaizabal (1902-1903). Literatura lanak ere idatzi zituen: Bein da betiko (1893), Tsirristadak (1899), Ardi galdua (1918) edota Latsibi (1989an argitaratua).
1904 urtetik aurrera Europan ibili zen bost urtez, lehenik Frantzian, bi urtez Diccionario vasco-español-francés (1905-1906) hiztegia argitaratzeko probak zuzentzen, eta ondoren Belgikan eta Alemanian, musika ikasketak egiten. Ordurako beste hainbat musika lan eginak zituen: Vizcaytik Bizkaira (1895), Eguzkia nora (1897) edota Sasi eskola (1897). Alemaniatik itzulita arrakasta gutxiko bi opera taularatu zituen: Ortzuri (1911) eta Urlo (1914).
1918an Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarrean Euskaltzaindia eratzeko erabakia hartu zutenean Oñatin, erakundea abian jarriko zuten lehen lau euskaltzainak izendatu zituzten: Arturo Campion, Julio Urkixo, Luis Eleizalde eta Resurreccion Maria Azkue. Beste zortzi euskaltzain izendatu zituzten horiek hurrengo urteko irailean, eta 1919ko urriaren 5eko batzarrean Azkue euskaltzainburu hautatu zuten, bozketa bidez.
Primo de Riveraren diktaduran, Azkue eta Urkixo Espainiako Hizkuntza Akademiako kide egin zituzten, euskararen ordezkari gisa. 1928an “Algunos rasgos característicos del vascuence comparados con los de otras antiguas lenguas” izeneko sarrera hitzaldia irakurri zuen Madrilen.
Akademiaren batzarretan irakurri ohi zituen Morfología vasca (1923) gramatika alorreko lanaren atalak, eta gainerako euskaltzainen oharrak eta iritziak jaso ondoren eman zuen argitara. Euskararen batasunaren premia hasieratik izan zuten hizpide euskaltzainek. 1921eko apirilaren 26ko batzarrean, Azkuek txostena irakurri zuen, batasunari buruz jasotako iritzien berri eman eta ondoren gipuzkeraren aldeko iritzia emateko. Gipuzkera osotua (1935) argitaratu aurretik, halaber, Euskaltzaindiaren batzarretan atalez atal irakurri zuen, eta euskaltzainen iritziak jaso.
Hiztegi handia egiteko herriz herri lanean ibili zen luzaroan, aldiro kantuak, ohiturak, ipuinak eta bertsoak bilduz. Lan horren emaitza erraldoiak dira Cancionero popular vasco (1922-1925), ehunka kanturen bilduma, eta Euskalerriaren yakintza (1935-1947), folklore eta etnografia bilduma.
Maila handiko euskal hizkuntzalaria izan arren, Sabino Aranaren jarraitzaile sutsuenek ez zioten Azkueri, ezta Euskaltzaindiari ere, aitzindaritzarik aitortzen. Azkuek euskaltzaletzat zuen batez ere bere burua eta ez zen EAJko kide.
Politikan euskal abertzale gisa nabarmendu ez zenez, hain zuzen, Espainiako Gerra Zibilaren ostean Bilbon gelditu ahal izan zen inolako zigorrik jaso gabe.
Lau urteko etenaldiaren ondoren, 1941ean Euskaltzaindia berriro abiatu zen, agintari frankisten kontrolpean, Bizkaiko Probintzia Diputazioko Kultura Batzordearen baimenarekin eta dirulaguntzarekin. Francoren diktaduran, Nazario Oleaga legelari karlista izan zen akademiaren idazkari eta euskaltzainburu zaharraren lankide gertukoena. Azkueren babespean, Federiko Krutwig euskaltzain gazteak akademia berregituratu egin zuen 1949an: Iparralde edo Frantzia aldeko Euskal Herriko euskaltzainak berriro deitzen hasteaz gain, euskaltzain berriak izendatu zituzten, hamazortziko taldea osatu arte.
Bi urteren buruan istripu baten ondorioz hil zen Azkue. 1951ko urriaren 22an, etxera zihoala, Nerbioi ibaira erori zen. Bizirik atera zuten uretatik baina, urak kutsatuta zeudenez, larri gaixotu eta azaroaren 9an hil zen Bilbon. Handik bi urtera, Azkueren testamentua betez, euskaltzainburuaren liburutegia dohaitzaz hartu zuen Euskaltzaindiak, akademia desagertzen bazen Bizkaiko Probintzia Diputazioko liburutegira eramateko baldintzarekin.
Antton Ugarte