San Ignazio auzoa 1945ean eraiki zuten Elorrieta, Deustuko kanala eta Ibarrekolandaren arteko eremuan. Urbanizazio berriari San Ignacio de Loyola izena jarri zioten baina hura altxatu aurretik inguru hori Tellaetxe auzoa zen hala Deustuko Udalarentzat nola Bilboko Udalarentzat, 1925eko anexioaren ostean.
San Ignazio auzoko behealdea XVI. mendetik aurrera itsasadarreko padurei irabazitakoa da. Zingirak ziren gaur Intxixu ikastolatik kanal alderantz dagoen guztia. Handik gora, ostera, baserri auzo txikiak: Elorrieta ondoan Aldai, Larrauri gaur Pedro Astigarraga plaza dagoen alderdian, Iturriaga Enekuriko aldatsetik hur, Urkitza eta Bengoetxe… Tartean zen Larrakotorre, gaur Sarrikoko parkean erdi galduta dagoen dorretxea (1960ko hamarkadan lekuz aldatu zuten). Tellaetxe, jatorriz, gaurko Orixe kaleko behealdean zeuden etxeak ziren. Baina XIX. mendetik aurrera, Deustuko Udalak behin eta berriro erabili zuen Tellaetxe auzoa izena Ibarrekolanda eta Elorrieta arteko baserri aldea izendatzeko. Arrasto txiki bat laga du kale izendegian: Elorrietako Tellaetxebidea kalea.
Eta Tellaetxe zen, oraindik ere, bere azken orduak jo zuenean. Egiari zor, Bilbok Deustua bereganatu zuen egunetik bertatik egin zituen elizate zaharreko lurrak urbanizatzeko planak. Eta horietan etxez beteta ageri zen geroago San Ignazio izan zena. Deigarriena, agian, Ricardo Bastidak 1928an egindako plana dugu, mila bat etxe merkez osatutako auzo berria. Urbanizazioa kale horizontalez eta bertikalez ebakita antolatu zuen. Goialdean eliza eta parkea kokatu zituen. Etxe gehienak kolektiboak baziren ere (espazioa behar bezala aprobetxatzeko), txalet atxikiak ere sartu zituen (etxebizitza familiarrak) auzo apaina egin guran. Proiektua sakon landu bazuten ere, 1931n baztertu zuten.
Asmo hura eta beste batzuk bidean gelditu baziren ere, azkenean 1945ean ekin zioten Tellaetxeko lurretan auzo berria eraikitzeari. Helburua ere antzekoa zen, langile jendeari etxebizitza eskuragarriak eskaintzea, gerra ostean ere premia larria baitzegoen (Bilbo ondoko mendixkak txabolaz bete ziren). Baina orduko hartan proiektua ez zen egin sozial-liberalismoaren irizpideei eta ingeles eredu estetikoari jarraiki. Diktaduraren alderdiak (FET de las JONS) sindikatuen atala (Central Nacional de Sindicatos) zeukan eta hari atxikita zegoen Obra Sindical del Hogar (OSH), 1941ean sortuta. Falangeren ideiak garatu zituen etxebizitza arloan. Tellaetxeko baserri aldean 1.070 etxebizitza eraikitzeko proiektua egin zuten –Francoren Espainian egindako handiena-, Luis Lorenzo Blanc, German Agirre eta Hilario Imaz arkitektoen diseinuaz.
Esan bezala, auzoak Falangeren ideiak gauzatu behar zituen: ordenaren auzoa zen, trazatuz, eta bihotzean paratu zizkioten, elkarren ondoan, diktadurako botere biak: espirituala, Eliza, eta politikoa, Falangearen egoitza. Langileak, klase ertainak eta funtzionarioak ongi ekipatutako (kiroldegia, lorategiak…) auzo batean elkarrekin biziko ziren, ezelango istilu barik. Etxe guztiek antzeko itxura eduki arren, etxe-orratz ikusgarria altxatu zuten auzoko eliteak (goi karguak, militarrak) besteen gainetik zeudela irudikatzeko.
Inaugurazio ekitaldia 1950eko ekainaren 19an egin zuten, alegia, frankistek Bilbo konkistatu zuteneko hamahirugarren urteurrenean. Garaipen militarra eta auzo berria lotu zituzten. Francisco Franco bera etorri zen eta lehenengo 47 auzokideei etxe berrietako giltzak eman zizkien.
1960ko hamarkadan auzoaren bigarren fasea altxatu zuten, Armadaren etorbideaz (gaur Agirre Lehendakaria) bestaldean. Geroago etxe gehiago egin zituzten, besteak beste Pedro Astigarraga plazako udal etxebizitzak, auzoan amerikar etxeak esaten dietenak, Rufino Ibañez, Julio Esteban eta Cesar Larrea arkitektoek diseinatuak (1968).
Jatorri oso desberdinetako jendearen bizilekua izan arren eta Diktaduraren eragina beste toki batzuetan baino gehiago sentituta ere, auzo mailako elkarteak sortu ziren ardura handiko gaiei aurre egiteko: Herri Berria auzo elkartea, Intxixu ikastola (1977), Kultur Etxea (1977, Falangeren egoitza izandako eraikina okupatuta)… Kirol arloan ere nabarmendu da San Ignazio: beisbol taldea, futbol taldea…
Gaur egun San Ignazio-Elorrietan 13.586 pertsona bizi dira. Zerbitzuen artean, metro geltokia, osasun-etxea, eskola publiko bi (D eredua), modulu psikosoziala, udal liburutegia, Ibarrekolandari ere zerbitzua ematen dion Merkatua udaltegia eta Euskararen Etxea (Kultur Etxea izandako eraikinean) daude.
Hektor Ortega