Juan Miguel Seminario Rojas 1904an jaio zen Beran. Aita, Pedro Seminario Artola esteribartar ingeniaria, Berako siderurgia fabrikaren zuzendaria zen. Ama, Amelia Rojas, lotinant koronel baten alaba, Santa Cruz Tenerifekoan jaio arren, Kuban hezitakoa zen.

 Seminariok lehen ikasketak Bilboko eskolapioen eskolan eta batxilergoa kaputxinoen Lekarozko Ikastetxean egin zituen. Ondoren zuzenbidea ikasi zuen Madrilgo Unibertsitatean.

 Hala ere, Raimundo Garcia Diario de Navarrako zuzendariak bultzatuta, kazetaritza ere ikasi  zuen, hiriburuko El Debate egunkariak 1926an sortutako Kazetaritza Eskolan.

 Espainiako Bigarren Errepublikan, Angel Herrera Oriak zuzentzen zuen El Debate egunkarian, CEDA alderdiaren ildokoa, Seminario informazio politikoaz arduratu zen.

 Gerra Zibilean, 1936ko udan, Falange Española alderdiaren Arriba España egunkaria Iruñean sortu zutenen taldekoa izan zen, Fermin Izurdiaga apaizaren eta Angel Maria Pascual kazetariaren zuzendaritzapean.

 Militar kolpezaleek Bilbo 1937ko udan okupatu ostean, Falange Española Tradicionalista y de las JONS alderdi bateratuaren El Correo Español egunkari berrian aritu zen erredaktoreburu. Gero, 1939-1940 artean, Badajozko Hoy egunkaria zuzendu zuen.

 El Correo Español eta El Pueblo Vasco (1910ean Bilbon sortutako egunkari maurista) baterarazi ondoren, Seminario zuzendariorde eta erredaktoreburu izan zen 1940-1951 artean, Joaquin Zuazagoitia Bilboko alkatea egunkariaren zuzendari zela. Zuzendariorde izan ahal izateko, FET y de las JONS-eko txartel zenbakia aurkeztu behar izan zuen: 83.558 zenbakiduna.

 1941ean Euskaltzaindia berriz abiatu zen, Bizkaiko Probintzia Diputazioko Kultura Batzorde frankistaren baimenarekin eta dirulaguntzarekin eta baldintzapean.

 1949an Eladio Esparza kazetariak (Nafarroako Foru Diputazioaren Príncipe de Viana kultur aldizkariko zuzendaria) dimisioa eman zuen Euskaltzaindian, lan kargagatik eta bestelako eragozpenengatik.

 Esparza urgazle gisa gelditu zen, eta Seminariok hartu zuen haren tokia, euskaltzain oso gisa, 1949ko martxoaren 25ean. Halaber, Seminariok Juan Irigoien ordeztu zuen akademian, Bizkaiko Kultura Batzordearen ordezkari gisa.

 Euskaltzaindiko sarrera hitzaldia Bizkaiko Probintzia Diputazioaren jauregian egin zuen 1949ko ekainaren 25ean, akademiaren gerraondoko lehen ekitaldi irekia. Bilboko agintari frankistak bertan izan ziren: Genaro Riestra gobernadore zibila, Javier Ibarra Diputazioko presidentea edota J. Zuazagoitia alkatea. Euskaraz eta gaztelaniaz emandako hitzaldiaren gaia neologia izan zen eta Federiko Krutwig euskaltzain gazteak erantzun zion lapurtera klasikoz.

 Euskaltzaindiak eta bereziki Krutwigek Seminario erabili egin zuten Riestra gobernadore zibil ankerraren aurrean akademiaren jarduna zuritzeko. Giro horretan, 1949ko urte amaieran, Krutwigek akademia berregituratu egin zuen: Frantziako euskaltzainak berriro deitzen hasteaz gain, euskaltzain berriak izendatu zituzten, hemezortziko taldea osatu arte. 

 Izendatutako euskaltzain berrien artean Manuel Lekuona apaiz deserritua zegoen. Hain zuzen, Seminariok emango zion erantzuna Lekuonaren sarrera hitzaldiari. Ekitaldi irekia 1950eko ekainaren 24an izan zen, Nafarroako Foru Diputazioaren jauregian, tokiko agintari frankistak bertan zirela.

 Urte bereko abenduan, Juan Gorostiaga jesuita euskaltzain izendatzea eskatzen duen agiria sinatu zuen Seminariok, Krutwig eta Lekuonarekin batera. Gero Nafarroara erretiratu zen eta Bizkaiko Kultura Batzordearen ordezkaritza Nazario Oleagak bete zezala erabakiko zuten.

 Bizkaiko FET y de las JONS-en Zumarraga aldizkarian hurrengo artikuluak argitaratu zituen, frankisten euskal kulturaren aldeko erakusgarri: “El mito de Aitor” (1949), “Pisar fuerte y mirar de frente” (1950), “El caserío, piedra angular del País Vasco” (1952), “Cuatro actitudes ante una realidad evidente” (1953) eta Pio Barojaren El País Vasco liburuaren aipamena (1953). Hain zuzen, Baroja familiaren Berako neskame izandako Martina Maritxalarrekin ezkondu zen Seminario.

 El Correo Español-El Pueblo Vascon idatzi zituen artikulu ugariez gain, beste batzuk El Liberal, Vida Vasca, Hierro edota Banco de Vizcaya agerkarietan argitaratu zituen.

 Izaera eta ohitura xelebre samarrekoa omen zen. “Eutrapelicus” izengoitia erabiltzen zuen sarri prentsan.

Nerbiotako gaixotasun batek jota, Javier Ibarra Bilboko alkate eta egunkariaren jabeak lagundu zuen. Esker onez, Seminariok Ibarrari liburutegi pertsonala eman zion.

 1968ko apirilaren 12an Iruñean hil egin zen.

 

Antton Ugarte