Manuel de la Sota Aburto “Txanka” 1897ko uztailaren 29an jaio zen Getxon, bizkaitar familia jeltzale ospetsu batean.
Aita, Ramon de la Sota Llano (1857-1936), Europako finantzari aberatsenetakoa izan zen. Anaia, Ramon de la Sota Aburto (1887-1978), Bizkaiko Probintzia Diputazioko presidente hautatu zuten 1917an, alderdi jeltzalearen izenean.
Manuel de la Sotak zuzenbidea ikasi zuen Salamancako Unibertsitatean eta Ingalaterrako Cambrigen. Ondoren Cambridgeko Unibertsitatean irakasle izan zen hainbat urtez.
Bizkaira itzulita, Bilboko Euzko Gaztedin parte hartu zuen. Anaia Ramon ez bezala, alderdi jeltzalearen ildo independistaren buruetako bat izan zen, Elias Gallastegi, Manuel Egileor edota Ceferino Jemeinekin batera.
Besteak beste, Euzko Gaztediren Aberri (1916-1923) aldizkarian idatzi zuen. Garai horretan W. B. Yeats-en La vieja que pasó llorando antzerki egokitua eta Pedro Ignacio (1925) taularatu zituen.
Hain zuzen, irlandar abertzaletasunak eragin teoriko eta sinboliko handia izan zuen Manuelengan, eta Bizkaiko Mendigoizale Batza eredu horren lorratzean ikusi zuen.
Euskal Herriko Mendizale Federazioaren Pyrenaica (1926) aldizkariaren eta Athletic Club de Bilbaoren (1926-1929) zuzendari izan zen. Era horretara, 1932an Eusko Ikaskuntzaren batzordekide eta Kirolak saileko buru izendatuko zuten.
Espainiako Bigarren Errepublikan ez zuen bide autonomista onartu eta EAJ bateratua utzi egin zuen, Elias Gallastegiren ildokoek bezala. Hainbat antzerki argitaratu eta taularatu zituen Oldargi taldearekin: Joseba Altunak itzulitako Negarrez igaro zan atsua (1933) edota Sabino Aranaren Libe (1934) egokitua.
Espainiako Gerra Zibilean erbesteratu egin zen eta Eusko Jaurlaritzaren nazioarteko propagandan aritu zen, Euskadiko Futbol Selekzioarekin nahiz Eresoinkarekin. Bigarren Mundu Gerran Jaurlaritzaren New Yorkeko ordezkaritzan egin zuen lan eta La democracia vasca (1944) argitaratu zuen.
Ondoren Biarritzen bizi izan zen Ramon anaiarekin. Gernika Bazkunak antolatu zituen eusko ikaskuntzen biltzarretan (1948, 1954) zuzendaritzakide izan zen. Halaber, Yanqui hirsutus (1949) argitaratu eta euskaltzain urgazle izendatu zuten 1957an.
Liburutegi pertsonala Baionako Euskal Museoari eman ondoren, Getxon hil zen 1979ko abenduaren 16an.
Antton Ugarte