Manuel Ziarsolo Gironella “Abeletxe” 1902ko urtarrilaren 1ean jaio zen Bilbon. Ermuan armagintza ikasi eta Bilboko Euskalduna ontziolan lan egin zuen. Hiriburuan taberna txikia zuen, Santimami zumarkalean.
Bermeoko Laura Trojaola Zarandonarekin ezkondu zen eta lau seme izan zituzten: Jon, Andoni, Sabin eta Josu.
Bilboko Euzko Gaztedin izena eman eta EAJren Euzkadi egunkarian Kirikiñok zuen euskal atalean hasi zen idazten 1920 inguruan. Kirikiñoren jarraitzaile sutsua izan zen.
Espainiako Bigarren Errepublikan, Euzkeltzale Bazkunaren Euzko (1932-1934) sabindar astekariaren zuzendari izan zen eta “Gazi-gezak” saila idatzi zuen. Halaber, Lauaxetak sustatutako Euzko Idazle Batzako (1933) kide izan zen.
Eusko Jaurlaritzak Gerra Zibilean argitaratutako Eguna (1937) euskara hutsezko egunkariaren zuzendari izan zen, eta Euzkadi egunkariaren lehen orrialdean ere idatzi zuen euskaraz.
Egunako erredakzio taldea hurrengoa zen: Augustin Zubikarai, Eusebio Erkiaga, Jose Maria Arizmendiarrieta eta Alejandro Mendizabal. Beste lankide batzuk Mikel Arruza edota Julene Azpeitia izan ziren.
Militar kolpezaleak Bilbo okupatzear zeudenean, Frantziara erbesteratu egin zen. Bordelen eta Baionan EAJrendako lan egiten eta iheslariei laguntzen aritu zen. Halaber, Angeluko Euzko-Enda (1939-1940) aldizkarian idatzi zuen.
Bigarren Mundu Gerraren ondorioz Bilbora itzulita, Deustuan inprimategia zabaldu zuen 1946an. Euzkadi (1947) aldizkariaren gisako legez kanpoko argitalpenak egiteagatik, polizia frankistak atxilotu egin zuen eta bi urtez preso egon zen. Ondoren hainbat enpresaren saltzaile gisa aritu zen lanean.
1952an Jon Ziarsolo semeak Txinparta sortu zuen eta taldearendako hainbat antzerki idazteari ekin zion aitak. Horren erakusgarri da Eganen argitaratutako “Eguberri-aizeak” (1956) saridun idazlana, Pedro ignacio Barrutiaren Gabonetako ikuskizunan oinarritua. Francoren diktaduran aldizkari askotan idatzi zuen: Euzko-Gogoa, Karmel, Olert edota Zeruko Argia.
Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1965ean. Hala ere, ez zuen euskara batuaren alde egin eta 1967an Bilbon sortutako Euskerazaleak elkarteko kide izan zen.
1975ean Gazi-gazak artikulu bilduma argitaratu zuen.
1987ko irailaren 18an hil zen Bilbon.
Antton Ugarte