Augustin Zubikarai Bedialauneta 1914ko azaroaren 3an jaio zen Ondarroan. Eliz ikasketak egin zituen Saturrarango eta Gasteizko apaizgaitegietan 1924-1930 artean, baina eliz ikasketak utzi egin zituen.
Zornotzako Jaungoiko Zale Bazkunaren aldizkarietan hamabost urterekin hasi zen euskaraz idazten. Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian, kronikak eta gero herrietan taularatuko ziren antzerkiak idatzi zituen EAJren agerkarietan: Euzkadi, El Día edota Euzko.
Gerra Zibilean, Eusko Jaurlaritzak 1937an argitaratutako Eguna egunkarian zuzendariorde aritu zen, baina berez egiazko erredaktore buru eta zuzendari gisa. Militar kolpezaleek Bilbo okupatu ostean, hainbat presondegi, kontzentrazio esparru eta zigor batailoietan ibili zuten. Ondoren Frantziara erbesteratu zen.
Bigarren Mundu Gerraren garaian, 1941ean, Ondarroara itzuli zen. Hurrengo urtean Maria Jesus Erkiagarekin ezkondu eta sei seme-alaba izan zituzten. Mutrikuko Arruti kontserba enpresan aritu zen lanean berrogei urtez erretiroa hartu arte.
Francoren diktaduran, berriz hasi zen antzerkiak Eganen gisako aldizkarietan argitaratzen, baita herriz herri taularatzen ere, bereziki Kresala taldearekin 1957-1967 artean.
Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1961ean eta Euskaltzaindiaren literatur sari ugari irabazi zituen (1963, 1967, 1969, 1978, 1979). Hala ere, ez zuen euskara batuaren alde egin eta eztabaida askotan parte hartu zuen. Bilbon sortutako Euskerazaleak (1967) eta Euskerazaintza (1978) elkarteetako zuzendaritzakide izan zen.
Deia (1977) egunkarian hasi zen idazten. Erretiroa hartuta, 1981etik Ondarroako Kultur Etxeaz arduratu zen. Bertatik Ondarroa (1982) eta Arranondo (1990) aldizkariak zuzendu zituen.
1983ko foru hauteskudeetan, Bizkaiko Batzar Nagusietako ahaldun izendatu zuten, EAJren izenean.
Azken urteetan ohore ugari jaso zituen. 1992an Ondarroako Udalak plaza bat eskaini zion eta 1993an ohorezko euskaltzain izendatu zuten. Halaber, 1995eko Sabino Arana Kultur Elkargoaren saria eta 1999ko Bizkaiko Foru Aldundiaren “Andres E. Mañarikua” saria irabazi zituen
Guztira berrogei bat liburu argitaratu zituen; narrazioak, eleberriak, antzerkiak, kronikak, itzulpenak eta autobiografiak barne.
2004ko uztailaren 12an hil zen Ondarroan.
Antton Ugarte